Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek mobilizazioak hasi dituzte
Osakidetza
BINKE / 2021eko otsaila
Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek mobilizazioak hasi dituzte
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Euskadiko Transfusio eta Giza Ehunen Zentroa Labeako ospitalean dago, eta bertako langileak Osakidetzako gainontzeko kideek dituzten lan-baldintzak eskatzen hasi dira gaur, asteartea, ospitalean bertan egin duten elkarretaratzearekin.
EAE osoko odol- eta ehun-horniketaz arduratzen da Usansoloko ospitalean kokatuta dagoen Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa, eta erkidego osoko ama-esnearen bankua ere bada. Aldiz, «egiten dugun lana Osakidetzaren sare osoarentzako behar-beharrezkoa bada ere, gure lan-baldintzak ez dira gainontzeko langileen parekoak», salatu dute SATSE, ELA, LAB, CCOO, UGT eta UTESE sindikatuek gaur egin duten elkarretaratzean.
Horregatik, «Osakidetzaren gainontzeko kideei ospitalizazio kontzeptuagatik ordaintzen zaien %4 guri ere ordaintzea exijitzen dugu», esan dio zentroko langile batek Binkeri. Aldarrikapen honekin 2020ko uztailean hasi ziren, langileen gehiengoak babestu zuen sinadura bilketarekin, «baina Osakidetzak egiturazko arazo larriak konpontzeko duen borondate faltaren aurrean, ez dugu mobilizatzeko eta grebarako beste aukerarik», aldarrikatu dute gaur ospitalearen aldamenean batutako dozenaka langileek.
Mobilizazioen lehenengo urratsa baino ez da izan gaurkoa. Datozen asteetan elkarretaratze, manifestazio baita greba gehiago ere aurreikusi dituzte. Osakidetzak, bere aldetik, oraindik ez du aldarrikapen honen aurreko adierazpenik egin.