Tximelarre magaleko zuhaitzak inausteko lanak martitzenean hasi ziren
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Plazakoetxetik Maximo Moreno Musika Eskolara bitartean dagoen Tximelarreko magaleko zuhaitzak inausten ari da Galdakaoko Udala gauez, zapatura bitarte, eta ondorioz hainbat eragin ekarri dituzte lanek inguruko trafikoan.
Abuztuaren 23 gauean Tximelarre auzo galdakoztarreko magal bateko zuhaitzak inausten hasi zen Galdakaoko Udala. Aipatutako magala N-634 errepide nagusiaren parean dago, eta ondorioz trafikoan zein inguruan zenbait aldaketa eragiten ari dira inausketa lanak. Horregatik, «eragin hauek ahal eta txikienak izan daitezen», lanok gauez egiten ari direla azpimarratu zuen herriko erakundeak: martitzenetik zapatura bitarte iraungo dute lanek, 22:00etatik 06:00 bitarte.
Lanek eragindako aldaketetan daude, esaterako, Plazakoetxetik Urreta kalera arteko ibilgailuentzako errail mozketa, kale horretan aparkatzeko debekua eta makinen zaratek sortutako enbarazua.
Guzti hori kontutan izanda, «ahalik eta enbarazu gutxien eragiten saiatuko da Udala, eta, horien zergatia ulertuko dutelakoan, eskerrak eman nahi dizkie bizilagunei».