Txiste (txar) labur bat argitaratuko du Binkek astelehenero, astea irribarre batekin hasteko
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Liderina
Albiste txarren garaian, txiste txarrak ekarri gura ditu Binkek astelehen goizero! Laburrak, euskaraz eta, lelokeri galantak izango badira ere, aste berriari ekiteko irribarre bat ateratzen saiatuko direnak! Hemen jakingo duzu non argitaratuko diren astelehen goizero.
Edozein egunkari ireki, telebistako albistegiak piztu, irratiko uhinekin bat egin, sare sozialetako foroetan sartu… eta denak dira albiste txarrak, kexak, kritika ez-eraikitzaileak eta umore txarra. Tira, beti ez, baina gehienetan ezin ukatu horrela denik. Komunikabideak, gainera, albiste txarren iturri bilakatu dira. Eta horrekin amaitzeko asmoz, bere txikitasunetik, Binkek astea hasteko txiste labur bat —euskaraz, zelan bestela— argitaratuko du bere sare sozialen bidez.
Herritar askorentzat astelehenak izan ohi dira asteko egunik gogorrenak. Baina horrekin amaitu eta, lanegunei irribarre batekin ekiteko helburuarekin, astelehen goizero txiste txar eta labur bat argitaratuko du Binkek bere Telegrameko kanal publikoan eta Twitter, Instagram zein Facebook-eko kontuetan ere. Eta ahaztu gabe Binkeren WhatsApp zerbitzu berria, non egunaren amaieran eguneko albisteak titularretan labur-labur zabaltzen diren. Bertan ere batuko du Binkek asteleheneko lelokeria!
Horiek irakurtzeko profil horietariko batera sartzea baino ez duzu izango, eta lelokeritxo horrek irribarre bat ateratzen badizu, hedabide xume honek lortu du bere helburua: ’fake news’ eta umore txarraren garaian irribarre bat garaipen handi bat izango delako denontzat!
Aurrerantzean irakurri ahal izango diren txiste horiek Binke bere hileroko Aginke atalean argitaratutakoetatik berreskuratzen joango da, eta berriak gehitzen arituko bidean.