Ukrainako bilketa egiteko lokal bila dabil GBGE, eurena txiki geratu baita
Elkartasuna
BINKE / 2022ko martxoa
Ukrainako bilketa egiteko lokal bila dabil GBGE, eurena txiki geratu baita
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkartea
Ukrainara elikagaiak eta materiala bidaltzeko bilketa hasi eta egun bakarrean txiki geratu da GBGEk Santi Brouarden duen lokala. Horrela ba, denboraldi laburrerako lokal berria eskatu dute elkartekoek. Gainera, jendearen bila ere ari dira, eta etzi eguaztena irtengo da lehenengo kamioia Galdakaotik Polonia eta Ukraina arteko mugara.
Astelehenarekin hasi dira Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteko kideak Ukrainara bidaltzeko elikagai eta material bila. Bilketa elkarteak Santi Brouard enparantzan duen lokalean egiten hasi dira, baina egun berean txiki geratu zaie.
Horregatik, «bilketa egiteko deialdiak izan duen harrera zoragarria ikusita, lokal gehiagoren beharrean gagoz», aitortu diote GBGEko kideek Binkeri. Hala ere, lokal huts eta berri horren beharra «denboraldi labur baterako» baino ez dutela izango onartu dute elkartekoek, eguaztenean bertan GBGEko hiru kide Poloniako Przemy´sl herrira joango baitira kamioi txiki batekin eta furgoneta batekin.
Kamioi txiki horretan orain arte batutako gehiena eramaten saiatuko dira, «eta lokala husteaz aparte, handik ukrainarrek zeren beharra daukien ikusiko dogu», adierazi diote elkarteko arduradunek hedabide honi, eta gaineratu: «Kamioiak batutakoa eramango dau eta furgonetan pertsonak ekarriko doguz, dagoaneko gurean etxea daukien pertsonak». Gainera, datorren martxoaren 14an GBGEko boluntario baten trailerra ere Galdakaotik Polonia eta Ukraina arteko mugara aterako da ordura arte batutako guztiarekin, beste hiru kiderekin.
Zeregin beretsuan dauden beste elkarte batzuekin alderatuta astebete beranduago hasi dira elkarte galdakoztarrekoak lan honetan, euren esanetan, «lehenago gauzak ondo egin gura izan doguzalako, zer bidali behar dogun jakin, horrek zenbateko gastua izango dauan kalkulatu eta handik ekarriko dogun pertsonei gure artean leku bat ziurtatu gura izan deutsiegulako». Momentuz eginbehar horretan bere kasa dabil GBGE, baina laster hasiko da Eusko Jaurlaritzarekin, Ongi Etorri Errefuxiatuak elkartearekin eta CEAR Euskadirekin elkarlanean, «euren esanetara jartzeko GBGE ere», adierazi diote galdakoztarrek Binkeri.
Horren aurretik, Galdakaoko Boluntarioen Gizarte Elkarteak boluntarioak behar ditu, biltegia antolatzeko, bildutakoak kutxetan sartzeko eta kamioiak kargatzeko. Baina noski, denboraldi baterako biltegi berri baten beharrean daudela ahaztu barik.