Unai Etxezarragak Nepalera bidaiatuko du kulturen arteko hartu-emana zabaltzeko
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Unai Etxezarraga
Unai Etxezarraga usansolotarrak Nepalera bidaiatuko du beste hamaika euskaldunekin batera kulturen arteko hartu-emana zabaltzeko asmoz. Ibilbidea antolatu dute Island Peak mendia eskalatzeko eta honetan zehar bi errealitateak uztartzen dituen liburuxka banatuko diete umeei. Albiste honetan batu ditugu proiektuaren nondik norakoak.
Pasa den urtean Nepalera joan ziren Unai Etxezarraga usansolotarra eta bere lehengusu Ibai Etxezarraga, Bediakoa, beste lau kiderekin batera. Handik bueltan hausnarketa bat egin zuten: «Nola Nepal bezalako herrialde anitza, hainbeste errealitate eta kultura dituenak, mendizaletasunaren menpe geratzen den».
Horrek beste pentsamendu batera eraman zituen: «Zein nolako bidaiak egiten ditugun, zein motatako bisitariak garen, eta zer den bisitatzen dugun toki horietatik espero duguna». Aldi berean, pentsatu zuten «gu euskaldun bezala zein den herrialde horretan utzi nahiko genukeen aztarna», Ibai Etxezarragak azaldu duenez.
«Interesgarria da guk euskaldunok, hizkuntza gutxituarekin bizi garen heinean, ea gai garen guk eskatzen dugun atentzio hori beste kulturei eskaintzeko», azpimarratu du.
Norabide bikoitzeko testuinguru horretan liburuxka bat sortu zuen, umeei zuzendua. «Liburuxka beste era batez bidaiatzeko abiapuntua da, beste herrialdeetan bizi den errealitatea ezagutzeko helburua duena. Honen bitartez gainera bi herrialderen arteko harremana sustatzeko aukera sortu daiteke», adierazi dute. «Helburu honetan gazteengan jarri genuen atentzioa, izan ere, haiek izango dira bidaiatzeko beste mota baten hazia», nabarmendu dute.
Liburuan «bi herrialdeen arteko elkarrizketa» irudikatzen da marrazkien bitartez, Euskal Herriko hainbat ilustratzailek egindakoa. Hauekin batera euskaraz eta nepaldarrez idatzitako istoriotxo bat ere irakurri daiteke, umeek «beste errealitateen inguruan aztertu dezaten eta bidaia bat prestatzean beste modu batera egin dezaten, herrialdeko kultura eta ohiturak ezagutzeko asmoz».
Liburuxka hau da Etxezarragak eta beste hamaika kidek banatuko dutena Nepaleko hainbat txokotatik, izan ere, barikuan, hilak 29, bidaiatuko dute Asiako herrialdera Island Peak eskalatzeko. Mendi ibilbidea antolatu dute eta honetan bertan kultura euskalduna eta nepaldarraren arteko hartu-emana zabalduko dute liburuaren bitartez.
Barikuan egingo dute joaneko hegaldia eta zapatu goizean helduko dira Kathmandura. Urriaren 16ra arte egongo dira Nepalen eta 17an helduko dira etxera.
Proiektuaren inguruko gehiago jakin daiteke hau zabaltzeko sortutako Instagram kontuan.