Urrezko domina bi lortu ditu Urreta Taekwondo Taldeak Euskadiko Txapelketan
Pasa den domekan, urtarrilak 22, Euskadiko Teknika Txapelketa lehiatu zen Bilbon eta Urreta Taekwondo Taldeak urrezko domina bi lortu zituen. Izaskun Velezek junior mailan irabazi zuen eta Itxaso Hernandezek senior kategorian.
Emaitza onak lortu ditu berriz Urreta Taekwondo Taldeak Euskadiko Teknika Txapelketan. Binkek jaso zuen moduan, pasa den urtean urrezko hiru domina lortu zituzten neskek eta oraingoan bi irabazi dituzte Bilbon ospatu zen hitzorduan.
Pasa den domekan, urtarrilak 22, ehundaka kirolari batu ziren Bizkaia frontoian Euskadiko Teknika Txapelketan lehiatzeko eta haien artean Urreta Taekwondo Taldeko neskak izan ziren. Izaskun Velezek urrezko domina lortu zuen junior mailan eta Itxaso Hernandezek seniorren artean. Biek Teknika Euskal Selekzioarekin batera estatu mailako txapelketan parte hartuko dute otsailaren 18an, Alicanten.
Bestalde, Urreta taldeko Sara Barrenetxea bosgarren postuan geratu zen junior mailan ere eta hiru onenen artean izatea lortu ez zuen arren, «oso maila ona erakutsi zuen». Klubetik Izaro Gonzalok (junior) eta David Prunak (senior) egindako «lan ona» azpimarratu dute ere.