Usansolo eta Bedia lotuko dituen Metro zatiak ingurumen onespena jaso du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Metro Bilbao
Usansoloko ospitalea eta Bedia batuko dituen Metroa zatiaren ingurumen-eragina onartu du Eusko Jaurlaritzak. Zatiak 1.611 metro izango ditu eta ia osorik lur azpitik igaroko da.
Metroaren 5. linean aurrerapausoak ematen jarraitzen dute Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak. Metroa Galdakaora eta Usansolora ekarriko duen proiektua zati ezberdinetan banatuko da, BINKEk jaso zuen moduan.
Usansoloko ospitalea eta Bedia batuko dituen zatiak Eusko Jaurlaritzaren ingurumen onespena jaso du orain. Deia egunkariak adierazi duenez, hau da ETS-k 5. lineako azken zati horren lizitazioa ateratzeko eman beharreko azken urrats garrantzitsuetako bat.
Eusko Jaurlaritzak egindako ingurumen-eraginari buruzko adierazpenaren arabera, «bigarren aukera da mesedegarriena, eta horrek garatuko du proiektua; izan ere, lehenengo alternatibaren aldean, nahiz eta luzeagoa izan, ia osorik lurpetik igaroko litzateke eta ez lieke eragingo lehendik dauden ibilguei, intereseko landarediari edo faunari», zehazten du ibilbide hori bermatzen duen dokumentuak.
Horrela, Euskotrenek Usansoloko ospitalearen eta Bediaren artean kudeatuko duen metro zerbitzuaren konexioak 1.611 metro izango ditu eta ia osorik lur azpitik igaroko da.
Hain zuzen, zati honen proiektua atzeratzeko eskatu zuten EH Bildu eta Talde Berezia-Elkarrekin Bizkaia taldeek Bizkaiko Batzar Nagusietan, honen baitan Usansoloko erdigunean geltoki bat ezartzeko. Bozketa aldiz, ez zen onartu.