Usansolo Herria plataformak herri-bilera antolatuko du gaur
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Naia Bergaretxe Sarria, Binkeren artxibotik
Herriaren gaur egungo egoera aztertzeko eta udal-hauteskundeak prestatzeko helburuz, Usansolo Herria plataformak herri-bilera antolatuko du gaur, martxoak 23. Saioa Mailu plazan izango da, arratsaldeko 19:30ean.
Usansoloren segregazio prozesua aurrera doan arren, Usansoloko Udala eratzeko hauteskundeak ezin izango dituzte egin aurtengo maiatzean. Horren ondorioz, Usansolo Herria plataforma berriz aurkeztuko da Galdakaoko udal-hauteskundeetara, Binkek jasotako moduan.
Plataforma hasi da jada udal-hauteskundeetarako prestatzen eta herritarrekin batera egin nahi du. Horregatik, herri-bilera antolatuko du gaur, martxoak 23, Mailu plazan.
Arratsaldeko 19:30ean hasiko da saioa eta Usansoloren gaur egungo egoera eta maiatzeko udal-hauteskundeak uztartuko dituzte.
Usansolo Herria plataformatik parte hartzera animatu dituzte herritarrak. «Hilabete hauetan informazio gutxi jaso ondoren herriak informazioa behar du gure egoera nola dagoen jakiteko. Ez geratu lo, animatu eta informa zaitez!», adierazi dute sareetatik.