Usansolo Herriako zortzi kidek eta EAJko hiruk osatuko dute Usansoloko kudeaketa batzordea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: EITB
Hauteskunde Batzorde Zentralak Usansoloren segregazio prozesuko hurrengo pausoa eman du: Udalaren funtzioak egingo dituen kudeaketa batzordearen kideak zehaztu. Usansolo Herria plataformako zortzi kidek eta EAJko hiruk osatuko dute.
Pasa den hilabetean Estatuko Abokatutzak jarritako helegitea atzera bota eta Usansoloren segregazio prozesuarekin jarraitzea onartu zuen Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak, Binkek jaso zuen moduan.
Prozesua aurrea doa beraz, baina behin betiko epaia kontuan hartuz gobernuak Usansolo Tokiko Erakundeen Erregistroan inskribatu arte, ezin izango dira Udala eratzeko hauteskundeak egin. Bitartean, Udalaren funtzioak kudeketa batzorde batek egingo ditu.
Bizkaiko Foru Aldundiak talde hau osatzea eskatu zion Hauteskunde Batzorde Zentralari eta honek ezagutzera eman du zeintzuk izango diren kudeaketa batzorde honen hamaika kideak: Usansolo Herria plataformako zortzi eta EAJko hiru.
Talde hau 2019ko Galdakaoko udal-hauteskundeetan Usansoloko hautesleek bozkatutakoaren arabera zehaztu du Hauteskunde Batzorde Zentralak.
Erabakia Bizkaiko Foru Aldundiari, Bilboko Eskualdeko Hauteskunde Batzordeari, Hauteskunde Erroldaren Bulegoari eta Galdakaoko Udalari jakinaraziko zaie. Jarraian, jakinarazpena jasotzean, Aldundia kudeaketa batzordea eratzeko izapideekin hasiko da.