Usansoloko Arbitraje Batzordean arituko diren Galdakaoko Udalaren ordezkariak izendatu zituzten
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Maps
Atzo, otsailak 29, osoko bilkura egin zuen Galdakaoko udalbatzak eta hainbat erabaki hartu zituen. Besteak beste, Usansoloko Arbitraje Batzordean Galdakaoko Udalak izango dituen ordezkariak nortzuk izango diren onartu zuen.
Otsaileko osoko bilkura egin zuen atzo, hilak 29, Galdakaoko udalbatzak eta besteak beste, Usansoloren segregazio prozesua izan zuten eztabaidagai. Zehazki, banaketarako prozesurako lan taldeen osaeraren inguruan izan zen eztabaida.
Usansolo udalerri bihurtzearen ondorioz arlo bakoitzeko lan eta ardurak banatzeko bidean, Arbitraje Batzordean Udalak izango dituen ordezkariak nortzuk izango diren erabaki zen. Arlo bakoitzeko gaiak dagokien mahai teknikoetan aztertuko dira lehenik, Galdakaoko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko teknikariek osatutako mahaietan.
Ondoren, Arbitraje Batzordera eramango dira gai horiek, zalantzak argitu eta erabakiei bide emateko. Usansoloko Kudeaketa Batzordeko, Galdakaoko Udaleko eta Bizkaiko Foru Aldundiko ordezkariek osatuko dute Arbitraje Batzordea, erabakiak hiru erakundeen artean adostuak izan daitezen.
Galdakaoko Udalaren ordezkariak hauek izatea onartu zuen atzo udalbatzak: Iñigo Hernando alkatea, Alberto Ealo Ogasun zinegotzia eta Edurne Espilla alkateordea.
Udal Gobernuan dauden taldeen aldeko botoekin eta EAJ-PNVren eta PSE-EEren kontrakoekin onartu zen ordezkarien izendapena. Jeltzaleen esanetan, «berriro ere sentitzen dugu EH Bildu lankidetza- eta talde-lanik eza gai garrantzitsu honetan eta beste batzuetan, non indar politikoen eta ekarpen multzoaren arteko oreka beharrezkoa baita udalerri gisa onura ekarriko diguten helburuak lortzeko».
Bestalde, igogailuen eta arrapala mekanikoen mantenurako zerbitzua ematen duen enpresaren kontratua aldatzea onartu zuen udalbatzak, eta udal langileen soldata % 0,5 igotzea, 2023ko Estatuko Aurrekontuen legeak ezarritakoa beteta. Halaber, ordaindu gabe zeuden eta ordaindu beharrekoak diren hainbat fakturari bide ematea adostu zuen.