Usansoloko Binakako Duatloia antolatuko da lehen aldiz martxoaren 26an
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: U113 triatloi taldearen sareetatik
Lehen aldiz antolatuko du U113 triatloi taldeak Usansoloko Binakako Duatloia. Martxoaren 26an izango da eta taldeak jakinarazi duenez, parte hartzeko ez da federatuta egon behar.
Hainbat txapelketa egiten ditu urtean zehar U113 triatloi talde usansolotarrak, herritarrak kirola egitera animatuz. Kasu honetan, lehen aldiz antolatuko dute Usansoloko Binakako Duatloia, martxoaren 26an.
Taldeak sare sozialen bitartez ezagutzera eman duenez, goizeko 12:00etan hasiko da lasterketa baina ordutegia momentuz behin-behinekoa da.
Usansoloko kaleak zeharkatuko dituen ibilbidea hiru zatitan banatuko da. Parte-hartzaileek 5 kilometro egin behar izango dituzte korrika, beste 20 bizikletaz eta azkenik 2,5 kilometro korrika berriz.
Parte hartzeko ez da beharrezkoa federatauta egotea, nahikoa da bikotea bilatzearekin. «Etorri danontzako duatloira», animatu dute U113 taldetik.