Usansoloko erdigunean geltokia eskatzeko manifestazioa deitu dute zapaturako
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Geltokia Erdigunean
Usansolotarrek herriko erdigunean metro geltokia eskatzen jarraitzen dute eta zapaturako, urriak 5, manifestazioa deitu dute Meatzetan.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak Metroaren 5. linearen proiektua aurkeztu zutenetik, honen kontra agertu dira usansolotarrak. Proiektu honen arabera Usansoloko geltokia ospitalean ezarriko litzateke eta «orain erdigunean dugun geltokia kenduko lukete».
Usansolotarren kexen aurrean, Jaurlaritzak eta ETS-k bi alternatiba proposatu dituzte: ospitaletik erdigunera lanzadera edo tunela. Auzokideek hauek ere ukatu dituzte, «konponbide bakarra geltokia erdigunean dela» azpimarratuz.
Hain zuzen, aldarrikapen hau egiteko kontzentrazioak egin dituzte azken hilabeteetan usansolotarrek Meatzetan, baina Ertzaintzaren aginduz bertan behera utzi behar izan zituzten duela aste batzuk.
Hala ere, aldarrikapenarekin jarraitu dute eta zapaturako, irailak 5, manifestazioa deitu dute Meatzetan 12:00etan. «Usansolok nahi duena argi eta garbi adieraziko dugu: Geltokia Erdigunean! Lortu arte!», adierazi dute Geltokia Erdigunean plataformatik.