Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko manifestazioa egingo dute bihar
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
Metroaren 5. linearen proiektuan gaur egun Usansoloko erdigunean kokatzen den geltokia kentzea aurreikusi dute eta erabaki honen kontra agertu dira auzokideak. Erdigunean geltokia eskatzeko manifestazioa egingo dute bihar, apirilak 13, Unkina plazatik.
Usansoloko EH Bilduk eta Usansolo Herriak batera egindako adierazpenaren arabera, Usansoloko kudeaketa batzordea martxoaren 14an bildu zen proiektuaren arduradun den Euskal Trenbide Sareko ordezkariekin.
Bilera horretan jakinarazi zieten Bizkaiko Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak onartutako Metroaren 5. lineako proiektuak herriaren erdialdean dagoen geralekua kentzeko asmoa duela eta, honen ordez, «usansolotarrak ospitaleko geralekuraino lanzadera zerbitzu batera mugatzea».
«Usansolo Herriak eta EH Bilduk uste dugu proposatutako proiektuak herriaren egungo egoera okertzen duela eta ez dituela erantzuten herritarren beharrak», adierazi dute taldeek, herriaren erdigunean geltoki bat eskatuz.
Hain zuzen, eskaera hau aldarrikatzeko manifestazioa antolatu dute biharko, apirilak 13, talde biek Usansoloko beste hainbat eragilerekin batera. Hitzordua Unkina plazatik izango da 12:00etan eta herritarrak parte hartzera animatu dituzte: «Denon artean indar gehiagorekin joko dugu!».