Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko sinadura bilketa martxan da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: BINKE
‘Geltokia Erdigunean’ plataformak Usansolon Metro geltokia eskatzen jarraitzen du eta horretarako sinadura bilketa jarri du martxan. Herriko negozio eta tabernetan daude sinadura orriak eta asteburuan zehar mahaiak ere jarriko dtuzte hainbat txokotan.
Eusko Jaurlaritzak eta Euskal Trenbide Sareak Metroaren 5. linearen proiektua aurkeztu zutenetik, honen kontra agertu dira usansolotarrak. Hauek salatu dutenez, gaur egun erdigunean duten metro geltokia kenduko dute eta honen ordez jarriko duten lanzadera «ez da nahikoa».
Horregatik, Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko mobilizazioekin jarraitzen dute, orain ‘Geltokia Erdigunean’ plataformaren bitartez. Honek hainbat ekintza antolatu ditu, tartean sinadura bilketa.
Herriko negozio eta tabernetan daude sinadura orriak eta asteburuan zehar sinadurak biltzeko mahaiak ere jarriko dituzte Usansoloko hainbat txokotan.
Edonork sina dezake aldarrikapena, betiere 16 urtetik gora baditu. Ez da Usansolon erroldatuta egon behar ,«geltokia ez baitugu usansolotarrek bakarrik erabiliko».
«Zenbat eta sinadura gehiago bildu, orduan eta presio gehiago egin ahal izango dugu! Plataformak zuen laguntza behar du guztiona den aldarrikapen hau lortzeko. Hedatu ekimenen informazioa eta anima zaitezte parte hartzera! Guztion artean lortuko dugu!», adierazi dute plataformatik.