Usansoloko erdigunean Metro geltokia ezartzea eskatu zuten Bizkaiko Batzar Nagusietan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Raul Mendezen sareetatik
Eguaztenean, martxoak 20, Usansolora igaroko den Metroaren 5. lineari buruzko informazioa eskatu zuen Raul Mendez EH Bilduko legebiltzarkideak Bizkaiko Batzar Nagusietan. Horren aurretik Gernikako Batzar Etxean batu ziren Usansoloko zenbait auzokide, Metro geltokia erdigunean eskatzeko.
Kontrolerako Osoko Batzarra izan zen eguaztenean, martxoak 20, Bizkaiko Batzar Nagusietan. Honetan, besteak beste, Usansolora igaroko den Metroaren 5. linearen inguruan hitz egin zuten legebiltzarkideek.
Auzokideen kexei erantzuna emateko asmoz, Metroaren 5. linearen proiektuan aldaketak egingo dituela iragarri zuen Eusko Jaurlaritzak. Usansoloko ospitalearen Metro geltokia eta herriaren erdigunea batuko ditu batetik lanzadera baten bitartez, eta bestetik irteera luze batekin, BINKEk jaso zuen moduan.
Usansolotarrak ordea ez daude pozik erabaki honekin eta EH Bilduko Raul Mendezek gai honi buruzko informazioa eskatu zion kontrol saioan Bizkaiko Foru Aldundiari, hauxe salatuz: «Alternatiben azterketa egin ondoren, Aldundiak Usansoloko udalerria metro geltokirik gabe uztea erabaki du, kudeaketa batzordeari alternatibak sakon azaldu gabe».
«Usansoloko udalerriarekin adostasuna eta akordio zabala lortzeko gai ez bagara, proiektu hau ez da ondo aterako», adierazi zuen Mendezek.
Kontrolerako Osoko Batzarraren aurretik Usansoloko zenbait auzokide batu ziren Gernikako Batzar Etxean, Usansoloko erdigunean Metro geltokia eskatzeko beste behin.