Usansoloko Erraldoien konpartsa berria aurkeztu zuen Usgaldu elkarteak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Usgaldu elkartea
Usgaldu elkarteak Usansoloko Erraldoien konpartsa berria sortu du, lau pertsonaiekin: lamia, esne-saltzailea, gaiteroa eta tabernaria. Pasa den zapatuan, martxoak 11, aurkeztu zuten Unkina plazan egindako ekitaldian. Binkek konpartsaren sortzaileekin hitz egin du.
Usansoloko jaiak aberasteko elementuen beharra somatu zuten Usgaldu elkarteko kideek duela bost urte. Ideia hau abiapuntu hartuz, gaita eta danbor eskola sortu zuten orduan, «dagoeneko fruituak eman dituena».
Honetan egiten den lana ezagutzera emateko eta tradizioak mantentzeko helburuz, beste proiektu bat jarri dute martxan orain Bizkaikako Gaiteroekin elkarlanean: Usansoloko Erraldoien konpartsa.
«Erraldoien ikuskizuna sustatzeaz gain, herriko jai eta kultura erakunde sendoa eman nahi izan diogu. Herriarentzat sortutako proiektua da», adierazi diote Binkeri taldetik.
Lau pertsonaia izango ditu konpartsak: gaiteroa, esne-saltzailea, tabernaria eta lamia. «Labea auzotik gaiteroa aukeratu dugu; Landa ingurunetik (Arteta eta Burtotza) esne-saltzailea; hiri ingurunetik tabernaria; eta, azkenik, Laminarrieta auzotik eta herriaren irudia den Lamia», azaldu dute Usgaldutik.
Jai egunetan ikusi ahal izango dira erraldoi berriak Usansoloko kaleetan zehar. «Proiektua aurrera doan heinean, gure eremua handitzen joango gara», nabarmendu dute.