Usansoloko jaietako tortilla eta indaba txapelketetan izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Ander Arrieta
Usansoloko Jai Batzordeak badu honezkero abenduaren 1etik 3ra bitarte ospatuko diren jaien egitaraua prest. Besteak beste, tortilla eta indaba txapelketak antolatuko dira eta aurten beharrezkoa da aurretik izena ematea hauetan parte hartzeko. Hemen batu dugu izena emateko jakin beharrekoa.
Abenduaren 1etik 3ra ospatuko dira Usansoloko jaiak eta jai batzordeak egitarau anitza prestatu du hiru egunetarako, BINKEk jaso zuen moduan. Besteak beste, tortilla eta indaba txapelketak antolatuko dira abenduaren 2an.
Aurten, aurreko urteetan mahai eta aulkiekin izan diren arazoak ekiditzeko helburuz, beharrezkoa izango da aurretik izena ematea txapelketa hauetan parte hartzeko. Azaroaren 26ra arte egin daiteke ujaba.usansolo@gmai.com helbidera idatziz eta datu hauek zehaztu behar dira: kuadrillaren izena, pertsona kopurua eta eskatu nahi diren mahai eta aulkien kopurua.
Mahaia lortzeko ezinbestekoa da lehiaketaren batean parte hartzea eta kuadrilla guztientzako mahaiak bermatzeko helburuz, bakoitzarentzat mahai bat eta sei aulki banatuko dira hasieran.
Kuadrilla guztiak apuntatzean mahaiak amaitzen badira, izen-ematearen ordena jarraituz banatuko dira eta soberan geratzen badira, gehiago behar dituztenei banatuko zaizkie berriro apuntatze ordena jarraituz.
«Mahai eta aulkien kopuru mugatua dago udaletxetik ezarrita», azpimarratu dute antolatzaileek, bazkalosten materiala batzea guztion ardura dela gogoraraziz.