Usansoloko XX. Mendi Astea antolatzen ari da asteon Burtotza taldea
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Anwar filma, Alex Txikon
Astelehenetik barikura bitarte ospatzen ari da Burtotza Mendi Taldea Usansoloko Mendi Astearen hogeigarren edizioa. Erakusketa batekin, Alex Txikonen bisita jasoko dute mendizaleek eguenean, mendigoizalea protagonista duen Anwar pelikula aurkezteko.
Burtotza mendi talde usansolotarra hogeigarren aldiz ari da, azaroaren 14tik, Mendi Astea antolatzen herrian. Dagoeneko ikusgai dagoen argazki erakusketari, Usansoloko mendizaleek ohiko duten Alex Txikonen bisita jasoko dute beste urte batez.
Azaroaren 17an, eguenarekin, mendigoizale lemoaztarrak oraingoan Anwar filma aurkeztuko du 19:00etan Txapelena baserrian, Txikon bera protagonista duen pelikula berria.
Nepalen, Sierra Leonan eta Pakistanen filmatua, Anwar lanak nazioartean ezaguna den alpinista bizkaitarrak Manaslurako neguko espedizioan eta ondoren gertatzen diren gertaera solidario batzuetan laguntzera gonbidatzen gaitu.
Alex Txikon 2021ean Manaslura (Nepal) neguko espedizio berri batera abiatu zenean hasi zen proiektua. Lehen igoera ez-kutsatzailea da hauxe, eguzki-panelek elikatzen dutena. Sistema jasangarri horrek aztarna energetikoa murriztea ahalbidetzen du, Parisko Akordioei jarraiki, eta EKI Fundazioaren eskutik lan solidario bat hasten dute horrela.
Txikonek Fundazioak Sierra Leonan egindako lana ezagutuko du. Bertan, eskoletan eta ospitaleetan autonomia energetikoa ahalbidetzen duten eguzki-energiako sistemak eskaintzen dituzte. Eta horixe bera kontatuko du protagonistak berak eguenean, Usansoloko Txapelena baserrira gerturatuko direnen mendizale guztien aurrean.