Usansolon antolatuko dira Bizkaiko Txakolinaren jaiaren ekintza bi
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Bizkaiko Txakolina
Aurten ere Bizkaiko Txakolinaren jaia ospatuko da irailean, kasu honetan 13tik 15era. Ekimenaren baitan hainbat ekintza eskainiko dituzte eta hauetako bi Usansoloko Berez Galanta upategian antolatuko dira. Hemen batu dugu egitarau osoa.
Bakio, Urdaibai, Txorrierri edo Enkarterritik igaro ondoren, gure eskualdera helduko da aurten Bizkaiko Txakolinaren jaia: Mahasti artean. Ekimen hau gastronomia, kultura eta natura uztartzen duen jaialdi gastro-kulturala da, kalitatezko proposamen gastronomiko eta kulturalak eskaintzen dituen jaialdi jasangarria.
Zehazki, Dimako Garena Jatetxean eta Usansoloko Berez Galanta upategian antolatuko dira bosgarren edizio honetako ekintzak eta Gari & Maldanbera eta Lorelei Green taldeen kontzertuak, Sheila Gonzálezekin The Wine Up Comedy saioaren komedia, Garena Jatetxeko kalitatezko gastronomia eta Bizkaiko Txakolinarekin uztarketak izango dira, besteak beste.
Hemen batu dugu egitarau osoa:
Irailak 13, barikua
19:00 The Wine Up Comedy, Garena Jatetxean (Dima)
Irailak 14, zapatua
11:30 Yoga Miren Mentxakaren eskutik, Berez Galantaa upategian (Usansolo)
19:00 Gari & Maldanbera eta Lorelei Greenen kontzertuak, Berez Galanta upategian (Usansolo)
Irailak 15, domeka
12:30 Garena Jatetxea & Zigor DZ, Garena Jatetxean (Dima)
Ekintza bakoitzeko sarrerak 18 euroko prezioa du eta webgunean eskuratu daiteke honezkero. Halaber, izena eman daiteke antolakuntzak eskaintzen duen autobus zerbitzuan.