Usansolotar eta galdakoztar bana Athleticen ekipazio berriarekin lotu ditu klubak
Kirola
BINKE / 2022ko maiatza
Usansolotar eta galdakoztar bana Athleticen ekipazio berriarekin lotu ditu klubak
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIAK: Athletic Club
Maiatzaren 31n aurkeztu zuen Athletic Clubek 2022/23 denboraldirako ekipazio berria, eta gure bi herrikideri keinu bana egin die talde zuri-gorriak: Jesus Arrizabalaga «Txapelas» usansolotarrari eta Ane Legarreta galdakoztarrari. Hemen kontatu dizugu zelan!
Maiatzaren azken egunean aurkeztu du Athletic Clubek 2022/23 denboraldirako ekipazio zuri-gorri berria, eta keinu bi izan ditu klubak Galdakaoko eta Usansoloko herrikide banarekin.
Athletic Clubek eta New Balancek 2022/23 denboraldirako lehen ekipazio zuri-gorria ezagutzera emateko argazkien artean, zenbait jokalari egongela batean ageri diren argazki-muntaia dago; egongela horretako horman berriz, Jesus Arrizabalaga txapeladun athleticzale ezagunaren txapela ageri da eskegita.
Arrizabalaga usansolotarra zen, 2020ko abuztuaren 26an pandemia betean zendu zena, eta San Mameseko harmailetako lehenengo eserlekuetatik pinez betetako txapela handiarekin jantzita joateagatik zein bere norgehiagoka guztietako animoengatik zen ezaguna. Katedraleko ikono bilakatu zen «Txapelas» ezaguna egin zen herrikidea, eta Athletic Clubek urtarrilean omendu ere egin zuen, beheko argazkian ageri den bezala.
Bigarren keinua berriz Athletic Clubeko emakumeen taldeak izan du. Kasu honetan Ane Legarreta orkestra-zuzendari galdakoztarra da protagonista, Bizkaiko «zenbait emakume interesgarriri» gonbidapena egin baitiote klubetik taldearen ekipazio berria janzteko, Legarretak berak Binkeri aitortu dionaren arabera.
Galdakoztarrak beste bi pertsonaiarekin hartu du parte argazki saioan, Iker Villa eta Ane Alberdirekin, eta laster egingo ditu publiko Athleticek berak bere sareetan. Hala ere, Legarretak aurreratu du berria bere sareetan, eta hauxe esanez deitu ziotela talde zuri-gorritik: «Emakume orkestra-zuzendari bizkaitar lez proposatu nahi genizuke Athletic Club taldearen arropa berria estreinatzeko argazki saioan parte hartzea». Legarretak ez zuen bi aldiz pentsatu eta horren irudi ere bada galdakoztarra.