Ustezko eraso matxistak salatu zituzten eguenean Galdakaon
Indarkeria matxista
BINKE / 2022ko martxoa
Ustezko eraso matxistak salatu zituzten eguenean Galdakaon
ARGAZKIA: Geuria
TESTUA: Erredakzioa
Galdakaon azken aldian «euren belarrietara iritsitako» ustezko eraso matxista batzuk salatu zituen herriko hainbat eragilek, Hego Uribeko Geuria komunikabidearen arabera. Horiek gaitzesteko manifestazioa deitu dute datorren zapaturako.
Pasa den eguenean «azken aldian gure belarrietara eraso mota ezberdinak» heldu direla salatu zuen mugimendu feministak herriko hainbat eragilerekin batera, Geuria komunikabidearen arabera, «eta eraso guztiek erroan indarkeria matxista» dutela gaineratu.
«Emandako erasoen artean, entzuteaz nazkatuta gauden emakumeonganako indarkeria kasuak ere» eman direla baieztatu omen zuten manifestu horren irakurleek, aipatutako komunikabidearen arabera. Baina gainera, «emakumeen kontrako indarkeriaz gain, hau da, indarkeria sexistaz gain, sistema heteropatriarkalak ezarritako genero-estereotipoak zalantzan jartzen duten pertsonen kontrako indarkeria oro ere badela» salatu zuten.
Daturik ezta gertatutakoen berririk eman ez bazuten ere, prentsaurrekora gonbidatutako kazetarien arabera, urrunago joan ziren deialdia egin zuten eragileak, «poliziaren jarrera» deitoratuz. Halaxe batu zituen, ostegun berean, mugimendu feministaren hitzak Geuria komunikabideak: «Eraso sexista salatzera doan emakumeen gehiengoak arreta desatsegina euki izana jakinarazten dute, eta ez da kontrakorik gertatu Galdakaon. Emakumearen hitza etengabe zalantzan jartzea eta gertatutakoaren inguruan galdera desatseginak egitea, indarkeria matxistaren beste aurpegietako bat besterik ez da». Horregatik «arreta protokoloen berrikuspena egitea eta poliziaren jarduna protokolo horietara egokitzea» eskatu zuten komunikabide horren arabera.
Horren aurrean, datorren apirilaren 2rako manifestazioa deitu dute «erasorik ez erantzunik gabe» lemapean, 13:00ean Kurtzeko plazatik hasita.