Uztailaren 2ko igoera Laina mendira nola egingo den azaldu du Gure Eskuk
Erabakitzeko eskubidea
BINKE / 2022ko apirila
Uztailaren 2ko igoera Laina mendira nola egingo den azaldu du Gure Eskuk
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIAK: Gure Esku
Uztailaren 2an katalan eta euskal herritarrek Pirinioetako gailurrak argiztatuko dituzte. Galdakaori eta Usansolori Bidarrai herriko Laina mendia argiztatzea egokitu zaie, eta Galdakaoko Gure Esku batzordeak igoera hori zelan egingo den azaldu zuten, argazki eta guzti.
Euskal Herriko eta Kataluniako entitate sozialek elkarlanean antolatutako lehen mobilizazio herritarra antolatuko dute uztailaren 2an, Gure Esku dinamikak, ANC Assemblea Nacional Catalana eta FEEC Federació d’Entitats Excursionistes de Catalunya erakundeekin batera —eta Omnium Cultural eta Artistes de la Republica elkarteen laguntzarekin—.
Mobilizazio horri Pirinioetako Bidea deitu diote euskaldunek —katalanek Via Pirinenca—, eta aipatutako egun horretan farol bereziak eta linternak baliatuz, argi-lerro bat osatuko dute ehunka herritarrek Higer lurmuturretik Creusera, Atlantikotik Mediterraneora. Horrela eman zuen Binkek horren berri urtarrilaren 31n.
Aipatutako albiste horretan aurreratu bezala, Galdakaori eta Usansolori —Basaurirekin, Zaratamorekin eta Etxebarrirekin batera— Behe Nafarroako Bidarrai herrian kokatuta dagoen Laina mendia (869 m.) igotzea egokitu zaie, eta herri hauetatik gutxienez 250 pertsona beharko dituztela adierazi zioten Gure Eskutik Binkeri.
Bada, Laina mendira igoera nola egingo den azaldu zuten Galdakaoko Gure Eskuko kideek apirilaren 12an, Ganguren tabernaren rokodromoan egindako prentsaurrean.
Azalpen horiek eman ahal izateko, lehenago —martxoaren 26an— Basauriko eta Galdakaoko Gure Esku batzordeetako zenbait kidek Laina mendira bisita egin zuten.
Hauek Gure Eskuren ohar eta argazkiak uztailaren 2ko igoera argitzeko:
Laina mendira igoera
Ibilbidearen datuak
Distantzia: 6,20 km.
Desnibel positiboa: 632 m.
Desnibel negatiboa: 73 m.
Altuera: 869 m.
Iraupena: bi ordu inguru.
Igoera Baigurako Kiroletako gunetik (Base de Loisirs du Baigura) egin zen, Baigura Mendira doan pistatik. Pistatik kotxez edo autobusez igotzea guztiz debekatuta dago.
Ibilbide osoa pistatik egiten da Baigurako gailurrera heldu arte.
Gora heltzean, Baigurako gailurrean dauden antenak ikusten dira.
Lainako bidean, Baigura gailurrera heltzen da eta hemendik Laina gailurrerako bidea kilometro batekoa da.
Baigurako antenak Lainako gailurrera heltzen atzean uzten dira. Baigurako gailurra.