Uztaileko udalekuetan izena emateko epea zabalik dago
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Aurten ere 4 eta 11 urte bitarteko haurrek Galdakaon uztaileko goizetan aisialdiaz eta euskaraz gozatzeko aukera izango dute, Udalak antolatutako udalekuetan. Aurten ordubete gehiago iraungo dute eta dagoeneko zabalik dago izena emateko epea.
Aisialdian euskararen erabilera sustatzeko asmoz, udalekuak antolatzen ditu Galdakaoko Udalak uztailean zehar. Programa 4 eta 11 urte bitarteko umeei zuzenduta dago eta dagoeneko izena eman daiteke bi modutan: Udalaren webgunean eta hitzordua eskatuz 944010540 telefonora deituz.
Hiru txandetan izena emateko aukera egongo da: uztailaren lehenengo hamabostaldian (3tik 14ra); bigarrenean (17tik 28ra) edota hilabete osoan, uztailaren 2tik 28ra. Ordutegiari dagokionez, gurasoek horrela eskatuta, ordu bat gehiago iraungo dute aurten.
Goizeko harrera zerbitzua 8:30etik 9:30era izango da eta eguerdikoa 14:30etik 15:30era. Jantoki zerbitzua eta harrera zerbitzua eskainiko dira aurten, lehenengoz, eta bazkal ostean ere eskainiko da harrera zerbitzua.
Jantoki zerbitzua 13:30etik 14:30era eskainiko da eta Udalak jakinarazi du kontuan hartuko dituela, besteak beste, dieta bereziak eta umeek eduki ahal dituzten intolerantziak eta kultur edo erlijio arrazoiengatik jakiren bat saihesteko aukera. Halaber, «jaki osasuntsuen aldeko apustua egingo da».
Iaz egin zuen moduan, prezio estandar bat zehaztu du Galdakaoko Udalak eta familien errentan oinarritutako hobari sistema ezarri du prezio horien gainean. Hobari horien helburua «aukera berdintasuna erraztea da eta horregatik, egoera zaurgarrienean dauden familiek eta errenta baxuena duten familiek %85erainoko hobaria lortu ahal izango dute». Era berean, lekuen %8 gordeta egongo da babes berezia merezi duten kolektiboetarako.
Guztira 550 plaza eskainiko dira, horrela banatuta: Aperribain 70 (4 eta 11 urte bitartekoentzat); Usansolon 100 (4 eta 11 urte bitartekoentzat); Gandasegin 180 (4 eta 7 urte arteko umeentzako) eta Urretan 200 (8 eta 11 arteko umeentzako).
Apirilaren 2an amaituko da izena emateko epea eta hurrengo egunetan onartutakoen behin behineko zerrenda argitaratzea aurreikusi du Udalak. Izen emate gehiegi baleude zozketa publikoa egingo litzateke udaletxean. Prozesuaren emaitza webgunean argitaratuko da eta orduan jakinaraziko zaie onartutakoei ordainketak egiteko epeak eta moduak zeintzuk diren.
Itxaron-zerrenda guztiz kudeatu eta agortu ondoren, oraindik plaza libreak egongo balira, bigarren izen-emate epe bat zabalduko litzateke, eskainitako plazak bete arte.