Vox alderdia Galdakaoko udal-hauteskundeetara aurkeztuko da
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Vox
Vox alderdiak maiatzaren 28an antolatuko diren Galdakaoko udal-hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri du. Mariola Cordero izango da taldearen alkategaia, 2018tik alderdiaren afiliatua den barakaldarra.
Maiatzaren 28an antolatuko dira foru- eta udal-hauteskundeak Hego Euskal Herrian. Galdakaoko eta Usansoloko herritarrek ere bozkatuko dute eta alderdiak hasi dira jada haien zerrendak eta programak aurkezten.
Aurreko udal-hauteskundeetan egin ez arren, Vox alderdiak aurtengo Galdakaoko udal-hauteskundeetara aurkeztuko dela iragarri du.
Voxek ezagutzera eman duenez, Mariola Cordero izango da alderdiaren alkategaia Galdakaon. Cordero Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Langileen Zuzendaritzan espezializatuta dago. Enpresen administrazioaren arloan lan egin du, zerga-aholkulari gisa.
Voxen 2018an afiliatu zen eta udal-hauteskundeetarako, Gorte Nagusietarako eta Eusko Legebiltzarrerako hautagai-zerrenda ezberdinetan parte hartu du. Gaur egun, Galdakaoko Voxeko koordinatzailea eta Probintziako Batzorde Exekutiboko kidea da.
Corderok argi du zeintzuk izango diren bere lanaren oinarriak: «Usansoloko desanexioa ekiditzea, tokiko merkataritza biziberritzea eta autonomoei laguntzeko lan egitea». Horretarako, «beharrezkoa da Udalaren alferrikako gastuak kentzea txosna ideologikoetan», aldarrikatu du barakaldarrak.