«Vuelva usted mañana», Aitor Montes
Aitor Montes Lasarte
BINKE / 2017ko iraila
«Vuelva usted mañana»
Seme txikia Galdakaoko Futbol Eskolan dabil, Zuhatzuko zelaian. Karteldegi osoa erdara hutsean dago. Orain urtebete Udalean kexa jarri nuen, ele bietan egoteko eskatuz. Handik gutxira jaso nuen erantzuna, futbol zelaian bertan: «¿Tú eres el padre de…?». Jakin zuten semearen izena ere. Beraz, adin txikiko mutiko baten eskubideak urratu zituzten, ume baten datuak entrenatzaileari eskaintzeagatik. Gainera, kexa jarrita ere errotuloa ez zuten aldatu. Euskaldun gaixoaren pazientziaz, berriro kexatu nintzen. Alkatearen gutuna ere jaso nuen, baina errotulazioak erdara hutsean jarraitzen zuen. Entrenatzaileen buruak ardura klubarena zela zioen, klubak berriz Udalarena… «Vuelva usted mañana» moduko erantzunak baino ez. Eta Udaleko idazkariari esan nion nire semearen eskubide urraketak ez zidala axola, hizkuntza paisaia ele bietan jartzen bazuten. Hori besterik ez nuen nahi:. Uda pasa da eta entrenamenduekin konturatu naiz denak berdin-berdin jarraitzen duela: espainol hutsez. Lotsagarria. Iraingarria euskaraz bizi nahi izan eta kexatuz gero errudun sentiaraztea zure burua. Udalak, klubak,… euren babesa dute, nire semeak eta euskaldunok ez duguna.