Zabalea eta Bengoetxe auzoen inguruko dokumentalak eskainiko dituzte Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Azken hamarkadetan auzoek izan duten aldaketa ezagutzera emateko asmoz, Zabalea eta Bengoetxeko auzokideen testigantzak grabatu zituzten abuztuan. Elkarrizketak bi dokumentaletan batu dituzte eta urrian zehar eskainiko dituzte Torrezabal Kultur Etxean.
Asko aldatzen ari dira hiri eta herriak azken hamarkadetan eta Galdakaon ere gune eta txoko berriak eratu dira azkenaldian. Zabalea eta Bengoetxe auzoak esaterako oso ezberdinak dira gaur eta egungo itxurara heldu arte jasan duten garapena ezagutzera eman nahi dute.
Egiteko honetarako auzokideen testigantzak batu dituzte abuztuan zehar eta elkarrizketa hauek bi dokumentaletan batu dituzte, bat auzo bakoitzeko. Bertan jaio edo bizi izan direnek bertoko bizimodua kontatu dute grabaketa hauetan.
Zabaleari buruzko lana urriaren 8, 17 eta 31n proiektatuko da Torrezabal Kultur Etxean eta Bengoetxeri dagokiona urriaren 10, 24 eta 29an.
Bizkaiko Foru Aldundiak Galdakaoko Udalaren laguntzarekin egindako ekimena da hau, Europako Ondare Jardunaldien barruan.