Zabalik da liburu eta diskak Sormenen eta Ahotsenean aurkezteko epea
Kultura
BINKE / 2022ko apirila
Zabalik da liburu eta diskak Sormenen eta Ahotsenean aurkezteko epea
TESTUA: Erredakzioa
ARGAZKIA: Binkeren artxibotik
Durangoko Azokaren Ahotseneak «plaza berriak eskaintzeko asmoz» elkarlana hasi du Zarauzko Literaturiarekin eta Galdakaoko Sormenerekin. Bada, astelehenaz geroztik zabalik dago hiru ekimen hauetan euskarazko liburu eta diskoen aurkezpenak egiteko epea.
Durangoko Azokaren baitan kokatzen den Ahotseneak euskarazko liburu eta diskoei plaza berriak eskaintzeko bere ahaleginean, elkarlana abiatu zuen 2018an Zarauzko Literaturiarekin eta 2020an sorkuntzen Galdakaoko plaza den Sormenerekin.
Ahotseneak, ohi duen legez, euskarazko liburu eta disko berrien aurkezpenak ekartzen ditu abenduro-abenduro Euskal Herriko azokarik ezagunenera, Durangora. Baina aurkezpen horiek euskararen herrian barrena zabaltzeko asmoz, egitasmo hori Zarautzera eta Galdakaora ere ekartzeko asmoa dute hiru ekimen hauen antolatzaileek.
Horrela ba, orain, jendartean bere liburu edota diskoa aurkeztu gura duen edozein sortzailek du hiru ekimen hauetan bere lana aurkezteko aukera; Ahotseneak lekua izango baitu aipatutako bi «plaza» horietan ere.
Gainera, Binkek iaz jakinarazi zuen bezala, Sormene galdakoztarra neguan ez ezik udaberrian ere loratu gura du Galdakaoko Udalak. Udaberriko txandaren aurkezpena eguazten honetan —apirilak 6 dituela— aurkeztuko da Elexalde ikastetxean, bertan hasiko baita lantzen Sormeneren zutabe nagusienetako bat: transmisioa. Horren berri emango du Binkek, hitzez eta irudiz.
Udaberriko Sormene aipatuta, eta liburu zein diskoen aurkezpenetara bueltatuz, maiatzaren 13 eta 14an gauzatu nahi duten Sormeneren 2022ko udaberriko ekinaldirako deia egin diete euskal sortzaileei.
Ekimen hauetan norbere lanak aurkezteko epea zabalik dago apirilaren 4az geroztik, astelehenetik, eta jasoko dituzten eskaerak «honako irizpideetan oinarritutako galbahetik iragaziko» dituztela iragarri zuen Gotzon Barandiaranek, hiru ekimenetako zuzendari artistikoak:
- Euskara hutsez argitaratutako lana izan beharko da.
- Aurten, 2022an argitaratutakoa izatea. Baina ez da derrigorrezkoa.
- Genero ikuspegia aintzat hartuko dugu parekidetasuna bermatze aldera.
- Lehen obra izateari garrantzia emango diogu, sortzaile berriei lekua egiteko.
- Argitaletxe eta disketxeen arteko oreka bilatuko dugu.
- Lurraldetasuna: Euskal Herri osoko literatura eta musika erakusteari garrantzitsua deritzogu.
Disko berriak maiatzaren 13an 18:00-20:30 bitarte eta 14an 18:00-22:00 bitarte aurkezteko asmoa dute antolatzaileek. Liburuak aurkezteko hitzorduak berriz hilaren 14 eguerdian, 12:00-14:00 bitarte, eta maiatzaren 15eko eguerdiko ordutegi berean.
Disko eta liburu berrien aurkezpen hauen osagarri, Sormenek Kultur Sorkuntzen Azoka antolatuko du aurten, Gandasegi ikastetxeko arkupeetan. «Azoka horretan, musikariei eta disketxeei erakusmahai edo standak doan eskainiko deutsoz Sormenek», azpimarratu du antolakuntzak, euren ekoizpen lanak erakutsi eta saldu ditzaten. «Disko eta liburu berrien aurkezpenak barriz Kurtzeko plazan paratuko dogun karpa batean eskainiko doguz», azaldu du gainera Barandiaranek.