Zabalik dago Maximo Moreno Musika Eskolan matrikulatzeko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Google Earth
Gaur zabaldu da Galdakaoko Musika Eskolan matrikulatzeko epea eta maiatzaren 22ra arte egongo da zabalik. Hemen batu ditu Binkek eskaintzaren inguruko informazioa eta izena emateko jakin beharreko guztiak.
Maximo Moreno Musika Eskolak gaur, asteartea, maiatzak 2, zabaldu du 2023/2024 ikasturterako matrikulatzeko epea eta maiatzaren 22ra arte egongo da zabalik. Hurrengo ikasturterako interesatuta egotekotan bi aukera daude. Alde batetik, presentzialki ematea izena, eta bestetik, telematikoki egitea www.galdakao.eus/musika-eskola helbidean.
Presentzialki egiteko, eskolara bertara joan beharko da —Urreta kalea 21—, eta matrikulatzeko ordutegia ondoko hau izango da: astelehen eta eguenetan, 11:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta martitzen, eguazten eta barikuetan, 9:00etatik 14:00etara.
Maximo Moreno Musika Eskolak lau maila eskaintzen ditu, musikarekin lehen harremana izateko mailan hasi, eta hobekuntzarako mailara arte. Adinari dagokionez, matrikularen urte naturalean bost urte betetzen dituzten haurrek eta adin horretatik gorakoek ikasi ahalko dute eskolan.
Bestalde, 14 urtetik gorakoentzako edo II. maila gaindituta dutenentzako tailerrak ere eskaintzen ditu, eta errefortzu eskolak erregimen arautura sarbidea egiteko probak gainditu nahi dituztenentzat. Abesbatzarako aukera ere du, eta baita hezkuntza bereziko musika gela ere.