Zabalik dago Santakurtzetako Kuadrilen Txapelketan izena emateko epea
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Peio Zamalloa
Santakurtzak irailaren 13tik 22ra ospatuko dira eta aurten ere Kuadrilen Txapelketa antolatuko dute jaietan. Lehiaketan izena emateko epea zabalik dago eta hilaren 11ra bitarte egin daiteke Torrezabal Kultur Etxean. Albiste honetan batu dugu parte hartzeko jakin beharrekoa.
Hurrengo astean hasiko dira aurtengo Santakurtzak eta urtero moduan egitarau zabala antolatu dute Galdakaoko Udalak, Jai Batzordeak eta herriko eragileek. Besteak beste, Kuadrilen Txapelketan parte hartzeko aukera izango dute galdakoztarrek beste behin eta honezkero zabalik dago honetan izena emateko epea.
Hilaren 11ra bitarte egongo da zabalik, eta Torrezabal Kultur Etxeko bigarren solairuan egin ahal izango da, astelehenetik barikura 8:30tik 14:30era. Iaz Ohiko txapelketa modalitatea sartu ondoren, aurtengo Santakurtzaketan hiru txapelketa egongo dira kuadrillentzat:
- Kuadrilen XXII. Lehiaketa: 32 proba izango ditu ohiko formatuan
- II. Txapelketa ttipia: Proba gutxiago izango ditu, 7 bakarrik, eta lasaiagoak
- Gazte kuadrilen txapelketa: 12 eta 16 urte bitarteko gazteentzat
Kuadrila bakoitzak hiru lehiaketetako batean soilik eman ahal izango du izena, eta gutxienez 16 urtetik gorako 4 pertsonak osatu beharko dute, Gazte kuadrilen lehiaketan izan ezik, 12 eta 16 urte bitartekoak izan beharko baitute. Probetan, kuadrilaren jantzi edo kamiseta bereizgarria eraman beharko dute kideek.
Probetan parte hartzeagatik puntuak banatuko dira sailkapenaren arabera:
1. postua: 25 puntu
2. postua: 20 puntu
3. portua: 15 puntu
4. postua: 10 puntu
5. postua: 5 puntu
Sariak, lehiaketaren oinarriak eta proben eguneroko emaitzak Udalaren webgunean eta Torrezabal Kultur Etxean argitaratuko dira.
Limoi saria
Kuadrilen arteko hiru txapelketa horiez gain, aurten Limoi Saria banatuko da, hau da, proba guztietan, antolakuntzak limoi bat edo gehiago banatu ahal izango dizkie lehia osasuntsuaren aurkako jarrerak dituztenei: aurrez ezarritako arauak ez betetzea, jarrera edo adierazpen diskriminatzaileak edo errespetu gabekoak izatea beste parte hartzaileekin, antolatzaileekin edo epaimahaiarekin, epaimahaiaren iritzia ez errespetatzea, tranpak egitea…
Limoi gehien batzen dituen kuadrilak eramango du limoi saria, 25 punturekin zigortuko duena datorren urteko kuadrilen lehiaketan, eta irabazten diren sariak erdira murriztuko ditu. Zigor horiek hein handi batean murriztu ahal izango dira sari banaketako azken egunean (irailaren 22an) Kurtzeko karparen agertokian jasotako limoien zuku guztia edaten bada.