
Zabor bilketa eta panpa moztea antolatu du Berdez Bizik domekan, Unkinatik
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: GoodLifeStudio
Berdez Bizi talde ekologistak zabor bilketa antolatu du domeka honetarako Usansoloko Unkina ikastetxetik abiatuta. Horrekin batera, panpa-belar inbaditzaileak mozteko deia ere egin du.
Berdez Bizi talde ekologista galdakoztarrak zabor bilketa antolatu du domeka honetarako Usansolon, azaroak 13, 11:00etan Unkina ikastetxetik hasita. Inguruan botata dagoen gizakien zaborrak batzeko deia egiteaz gain, ekologistek panpa-belarren mozketa ere egitera gonbidatu ditu herritarrak.
Panpa-belarra oso moldakorra da eta askotariko ingurunetan eta klimatan haz daiteke. Gainera, hazi asko ekoizten ditu; izan ere, ale bakoitza milioi bat hazi ekoiztera irits daiteke bere bizitzan zehar. Euskal Herrian, nazioarteko beste zenbait lekutan bezala, landare inbaditzailetzat hartu da panpa-belarra. Beste zenbait lurraldetan, berriz, guztiz debekatuta dago landare hori saltzea eta landatzea.
Horregatik Berdez Bizi taldeak, domeka honetako zabor bilketarekin batera, Usansoloko bazterrak panpa-belarretik libre ikusi gura ditu.