«Zenbat gol sartuko ditu Messik?», Eider Murgia
IRITZIA
Eider Murgia
BINKE / 2022ko abendua
Sei kirolari galdakoztar gonbidatu ditu Binkek domekan amaituko den gizonezkoen Qatarko futbol Mundialaren harira duten iritzia ematera. Horren baitan dago ondoko iritzi hau kokatuta.
Goi-mailako futbolaren adierazpenik ikusgarriena den munduko txapelketa duela aste batzuk hasi da, eta espero genuen bezala, herrialde anfitrioiaren zuriketa komunikabide hegemonikoen eta gizon boteretsuenen oinarrizko egitekoa bihurtu da.
Funtsean, gure sistema heteropatriarkal eta kapitalistak duen indarra mahaigaineratu da beste behin ere. Alde batetik, gizon cisheterosexualek eta gizon cisheterosexualentzat egindako txapelketa honek beste alde batera begiratzen du, Qatar autoritarioak eredu normatibo honetan sartzen ez diren beste identitate guztiak zigortu, jipoitu eta erailtzen dituen bitartean.
Eta bestalde, kapitalismo basatiaren atzaparrak loratzen dira hemen; izan ere, jakina denez, ehundaka enpresek hartu dute parte futbol-azpiegitura honetan. Agian, begiak ireki eta Antzinako Greziatik uste baino gertuago gaudela aitortu beharra dugu, garai hartan esklaboek beraien izerdi, odol eta baita bizitzarekin piramide erraldoiak egiten zituzten bezala, egungo sistemak balibide oso urriko langileak —esklabotzaren baldintzekin— erabiltzen baititu beste era bateko piramideak eraikitzeko.
Baina tira, ea Messik zenbat gol sartzen dituen oraingoan…