Zinegoak jaialdiko zazpi film ikusgai izango dira Galdakaon
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Zinegoak
Atzo hasi zen Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 21. edizioa eta urtero moduan, hainbat herritan ikusi ahal izango dira jaialdiaren lanak. Besteak beste, Galdakaon zazpi lan izango dira ikusgai bihar, ekainak 26, eta etzi.
Zinegoak Bilboko LGTBIQ+ Nazioarteko Zinema eta Arte Eszenikoen Jaialdiaren 21. edizioa atzo, ekainak 24, hasi zen. Egoitza nagusia Bilbo den arren, urtero moduan hainbat herritan ikusi ahal izango dira jaialdiaren lanak, tartean Galdakaon.
Horrela, bihar eta etzi Galdakaoko Torrezabal Kultur Etxea izango da ‘ZGHedapena’ programaren eszenatokia.
Bihar, ekainak 26, sei film labur ikusi ahal izango dira:
- ‘Mating’ (Zuzendaria: Shuyao Chen): Txineraz, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz. Manting, 60 urteko txinatar emakume bat, nerabezaroko maitale batekin elkartu da, beren ikaskide ohi bat hil ondoren. Karaoke batean egon eta gero, elkarrekin emango dute gau guztia, hirian barrena hara eta hona
- ‘Dena asmatuta dago’ (Zuzendaria: Jone Arriola): Euskaraz, azpitituluak gaztelaniaz. Antigoaleko estetika daukan bainugela arrosa bat. Bainugelaren erdian, bainuontzi batean, bi gazte erlaxatzen ari dira, porru bat erretzen duten bitartean
- ‘Analog z love’ (Zuzendaria: Alicia Arwgar). Ingelesez, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz. Neska batek audio batean kontatzen du nola ezagutu zuen beste neska bat autobus geraleku batean. Nola hasten da ezezagun bat zure arretagune nagusia izaten?
- ‘Precoz’ (Zuzendaria: Alejandro Agirre): Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz. Mikelek jakin du berarekin sexu harremanak izan dituen pertsona batek positibo eman duela GIB proban. Beldurtuta eta informazio gutxirekin, arratsalde batez aurre egin beharko dio kutsatuta egoteko aukerari
- ‘Flores de otro patio’ (Zuzendaria: Jorge Cadena): Gaztelaniaz, azpitituluak euskaraz. Kolonbiako Kariben, queer aktibisten talde batek arau heteropatriarkalei aurre egingo die. Bien bitartean, beste kausa batzuetan inplikatuko dira, beren eskualdean sufritzen dituzten bidegabekeria sozialak kolektiboki salatzeko
- ‘La tentación du panda roux’ (Zuzendaria: Haïga Jappain): Frantsesez, azpitituluak euskaraz eta gaztelaniaz. Annak 35 urte ditu eta maitasun istorio idiliko bat bizitzen ari da Marierekin. Menopausia goiztiarra daukala jakiten duenean, erlojupeko lasterketa bati ekingo dio haurdun geratzeko
Etzi aldiz, ekainak 27, Torrezabal Kultur Etxeak film bakarra hartuko du, kasu honetan film luze bat:
- ‘Levante’ (Zuzendaria: Lillah Halla): Portugesez, azpitituluak gazteleraz eta euskaraz. Atleta gisa bere etorkizuna definituko duen boleibol txapelketaren bezperan, Sofiak haurdun dagoela jakingo du. 17 urte ditu, eta abortatzen saiatuko da, baina abortua legez kanpokoa da bere herrialdean. Azkenean, talde fundamentalista baten jomuga bihurtuko da, eta hura atxilotzen ahaleginduko dira. Sofiak eta hura maite dutenek ez dute amore emango fundamentalisten itsukeriaren aurrean