«Zure esku», Olaia Egiarte
Olaia Egiarte Fernandez
BINKE / 2020ko otsaila
Zure esku
Pentsatu al duzu inoiz zer eragina duen erosten dugun arropak gure planetan? Urtero, ehungintzak berotegi efektuan eragiten duten gasen %8 isurtzen ditu atmosferara, itsas garraioak eta nazioarteko hegaldiak elkarrekin baino gehiago. Kamiseta eta praka bakero batzuk egiteko behar den kotoia ekoizteko 10.000 eta 20.000 litro ur artean behar dira. Gainera, tindatze prozesuan erabiltzen den ur gehiena inguruko ibai eta itsasoetan amaitzen da, munduko uren kutsaduraren %20 izanik. Bestalde, zuntz sintetiko poliestikoak petroliotik datozenez, horiekin egindako arropa erostean petrolioaren erabilerarekin lotutako arazo ezagunak areagotzen ditugu —kutsadura, gerrak…—. Horrelako arropak garbitzeak ere arazoak sortzen ditu, itsasoetan dauden mikroplastikoen %35 prozesu horretan sortutakoak baitira. Hori gutxi balitz, aurreko guztiari lan-baldintza prekarioak, lan-istripu ugari eta pertsonen soldata miserableak gehitu behar zaizkio. Aipatutako arazoak gutxitzeko, arropa erosi aurretik, zure buruari galdetu erosiko duzun hori behar duzun; erostekotan, bigarren eskuko arropa edo oihal organiko eta iraunkorrekoa erosi. Aldaketa hau zure esku dago.