Zuriñe García Michelin izarrak Andra Mari jatetxea utziko du
Sukaldaritza
BINKE / 2021eko abendua
Zuriñe García Michelin izarrak Andra Mari jatetxea utziko du
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Julio Legarretaetxebarria
Elena Arzakekin batera Michelin izarra duen euskal emakume bakarrak, Zuriñe García sukaldari galdakoztarrak, Andra Mari jatetxea utziko du. Berarekin hitz egin du Binkek, bere joatearen arrazoia ezagutzeko, eta baita Andra Mariko jabearekin ere, ondorengo sukaldari burua nor izango den ezagutzeko.
Galdakaoko Ostalaritza Eskolan ikasi eta herri bereko Andra Mari jatetxean 20 urte egin dituen Michelin izarrak, Zuriñe García galdakoztarrak, tarte baterako atsedena hartuko du herriko jatetxea utzita.
Andra Mari, Aretxondo eta Aizian jatetxeen «Gure sukalkintza» gastronomia blogak eman zuen berria atzo, abenduak 29 zituela: «Agur Zuri! Eskerrik asko denbora honetan guztian gurekin egoteagatik. Plazera izan da zurekin lan egitea. Besarkada bat zure lantalde osoaren partez!».
Bere ibilbidearen eta Garcíaren lorpen zein esperientzia askoren errepasoa eginez agurtu du, 20 urtez bere jatetxe izan denak, goi-mailako sukaldaria; Elena Arzakekin batera, Michelin izarra duen emakume euskaldun bakarra.
Albistearen berri izan eta berehala hitz egin du Binkek Zuriñe Garcíarekin, eta «momentuz atseden hartzera» doala esan dio sukaldariak hedabide honi. Ez du, beraz, inora joateko planik orain. Andra Mari jatetxean egindako 20 urte luzeen ostean etxekoekin egoteko baliatu gura du denbora.
Euskal Herriko eta, beraz, Galdakaoko jatetxerik ezagunena historia egin duen sukaldari buru gabe geratuko da orain. Baina beti izango da oroitua Zuriñe, 2010etik goi-mailako sukaldari buru izaten ibili eta 1983. urtetik Andra Marik izan duen Michelin izarra 20 urtez mantendu izanagatik, besteak beste.
Eta Andra Mari jatetxeak, zer dio?
Roberto Asua jatetxeko jabearekin ere hitz egin du Binkek, eta «oso eskertuta» dago gaur egun Igorren bizi den sukaldari galdakoztarrak 20 urtetan eskaini duenarekin. «Sukaldari buru ona izan da, noski, lan-talde ona izan daualako», nabarmendu du Asuak, «etxekoa izan da eta etxekoakaz bikain aritu da».
Orain, Garcíaren ordezkoa nor izango den galdetuta, Andra Mariko usabak aldizkari honi jakinarazi dio Jerónimo Pena sukaldaria izango dela 2022tik aurrera jatetxeko sutegiez arduratuko dena.
«Jero ondo ezagutzen dogu, eta badaki nora datorren», dio Asuak. San Mames futbol-zelaiak VIP arean jatetxe bat du, eta Andra Mari izan da hiru urtez jatetxe honen kudeaketaz arduratu dena. Bada, San Mames jatetxeko sukaldari burua izan da Pena hiru urte horietan, eta horrexegatik «pozik eta lasai» dago Andra Mari jatetxea fitxaketa berriarekin, «Jero bera be etxekoa dalako».
Futbol-zelaiko jatetxean ibiltzeaz gain, Mamitsu (Bilbo), Hattori Hanzo (Madril), Atelier Belge (Madril), Viridiana (Madril) eta El Molí (Katalunia) jatetxeetan ere ibilitakoa da Pena, orain, Andra Mari jatetxe galdakoztarraren sukaldeaz arduratuko dena.