Zurrut taldea: «Hobetzekoak proposatzeko askatasun handiagoa dugu»
Zurrut Saskibaloi Taldea
BINKE / 2020ko azaroa
«Hobetzekoak proposatzeko askatasun handiagoa dugu»
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Emakumezkoek soilik osatzen duten kirol talde bakarretarikoa da Zurrut Saskibaloi Taldea Galdakaon. Elkarrizketa honetan haien sorreraren inguruan aritzearekin batera, ezohikoa izaten ari den denboraldi berri honen inguruan jardun dugu.
Noiz sortu zen taldea eta zergatik? Duela urte asko nesken talde bat bazegoen ere, desagertu egin zen, eta 2016an taldea berriro sortzea erabaki genuen. Saskibaloiaz gozatzeko lagun talde bat egitea zen asmoa. Ideia aurrera eraman ahal izateko herriko hainbat merkatariren laguntza ekonomikoa jaso genuen, batez ere Zurrut tabernatik, hortik taldearen izena.
Jokatu eta entrenatu, non egiten duzue? Unkinako kiroldegian egin ahal izatearen zortea dugu. Oso gustura gaude han.
Autokudeaketaren bitartez moldatzen zarete. Zer suposatzen du honek? Entrenatzailerik ez dugunez, bakoitzak gure ikuspegia emateko edo hobetu beharreko gauzak proposatzeko askatasun handiagoa dugula sentitzen dugu. Taldeko hainbat kide entrenatzaileak izan dira aurretik eta kirol arloan behar bezala kudeatzeko esperientzia nahikoa dagoela uste dugu. Hala ere, bere alde zaila badu honek, ez baita erraza erabakiak hartzea edo partidua jokatzen duzun bitartean jokoaren ikuspegi orokorra mantentzea, horretarako guztion artean laguntzen gara.
Emakumeek bakarrik osatzen duten talde bakarretarikoa zarete. Zelan ikusten duzue emakumezkoen kirola? Gure ikuspegitik, Galdakaoko nesken artean nagusi den kirola da saskibaloia. Gure herrian, kirol honi dagokionez, emakumezkoek kategoria profesional batean egotea lortu zutenetik, garrantzi handiagoa eman zaio emakumeen kirolari. Gainera, emakume kirolari erreferenteak hurbilagotik jarraitzeko aukera izateari esker neska gazte gehiago animatu dira kirol hau praktikatzera. Hala ere, eskola-kategorietan emakumeen kirola orokorrean gehiago zaindu eta indartu daitekeela uste dugu, goi-mailako kategorietan talde gehiago egon daitezen.
Covid-19ak izan al du eraginik taldean? Argi dugu baietz. Denboraldi hasieran batez ere, zalantza asko izan genituen taldearekin ekiteko orduan, jolasteko gogoak genituen arren ez baikenekien honetarako aukerarik izango genuen. Horrez gain, entrenamenduetan eta partidetan ere eragina izan du. Kontaktu handiko kirola da saskibaloia eta horrek kontu handiarekin ibili beharra ekarri du; segurtasun neurriei garrantzia eman behar diegu. Momentu honetan bizi dugun egoeragatik ezin dugu partidarik jokatu, bai aldiz entrenatu, eta hauekin jarraitzea da gure asmoa, hau debekatzen diguten arte sikiera.
Zer ikuspen egiten duzue aurrera begira? Tira, osasunari dagokionez, egun bizi dugun egoera hobetzea eta honek gizartean ahalik eta kalte gutxien eragitea. Guri dagokigunez, denbora luzez taldea mantentzea gustatuko litzaiguke. Kirola eginez momentu onak pasa eta saskibaloiaz gozatzeko gogoak dituen edozein neska gurekin etortzera animatzen dugu!