Mikel Larunbe pilotariak azaroaren 26an Galdakaon amaituko du bere ibilbide profesionala
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Ander Arrieta, Binkeren artxibotik (2017)
Mikel Larunbe esku-pilotari galdakoztarrak agur esango dio bere hamar urteko ibilbide profesionalari, Baiko enpresak ez baitio kontraturik berriztu. Azken partida azaroaren 26an Galdakaoko Kurtzea pilotalekuan jokatuko du.
Baiko enpresak —lehengo Asegarce zenak— ez dio Mikel Larunbe esku-pilotari galdakoztarrari kontratua berriztu, eta horrekin, Larunbek agur esango dio bere 10 urteko ibilbide profesionalari. Agur hori Galdakaon bertan izateko aukera izango du herrikideak, azaroaren 26an jokatuko baitu Kurtzea pilotalekuan.
Atzelari galdakoztarrak, 2013ko urtarrilean Bilboko Bizkaia frontoian bere debuta egin zuenetik, 350 partidatik gora jokatu ditu jardun profesionalean, denak enpresa berarekin. Bide horretan, azpimarratzekoa da 2017an Oinatz Bengoetxearekin batera Binakako finala jokatzera iritsi eta azpi txapeldun geratu izana —Irribarria eta Rezusta izan ziren garaile—.
Larunberen bidea, ordea, ez da erraza izan. Zailtasun hori, Naiz hedabidearen arabera, «bereziki enpresan izandako greban aurpegia eman zuenetako bat izan ostean» etorri zaio galdakoztarrari, «azken bi urteetan apenas jokatzeko aukerarik izan gabe». Hedabide berak ondoko datuak ere kaleratu ditu Larunberen ibilbide amaieraren berri emateko: «Maiatzaren erdira arte, zazpi partida baino ez zituen jokatu, inolako osasun arazorik izan gabe. Areago, azken hilabeteetan telebista emankizunetatik desagerrarazi ere egin du (enpresak) eta apenas egon da Euskal Herrian bere partidarik ikusteko aukerarik».
Aldiz, Baikok eskerrak eman dizkio Mikel Larunberi, «urte hauetan azaldu duen profesionaltasunagatik eta egindako lanagatik». Era berean, oraindik pilotariaren enpresa denak «etorkizunean zortea izan dezala» opa dio. Baikoko pilotarien greba 2020ko urrian amaitu zenetik, greba-mugimenduaren aurpegi izan ziren pilotariei ez diete kontratua berriztu, tartean, Mikel Larunbe galdakoztarrari.
Binkeren 2017ko otsaileko elkarrizketa nagusia izan zen Mikel Larunbe, eta papereko edizioaren azala beraz. Hemen irakur daiteke elkarrizketa osoa webgunean.