BIDEOA | Usansoloko «alkate lana» egingo duen Agustin Aizpururen lehenengo hitz publikoak
TESTUA ETA IRUDIAK: Jon Gomez Garai
Datozen 2027ko udal-hauteskundeak iritsi bitartean, eta dena ondo bidean, eguenean gehiengoz aukeratu zuten Usansoloko kudeaketa batzordeko presidente Agustin Aizpuru Usansolo Herria plataformako kidea. Hauek izan ziren bere lehenengo berba publikoak, kargua hartu berritan.
Nekez ahaztuko duten beste data bat markatu dute usansolotarrek egutegian: 2023ko maiatzak 4, eguena. Egun horretan eratu zen Usansoloko Udala osatu bitartean —dena ondo bidean, 2027ko udal-hauteskundeen ostean— herriaren kudeaketaz arduratuko den batzordea.
Txapelena baserrian egindako batzorde publikoan eratu zen Usansoloko kudeaketa batzordea, eta bertan izan zen Binke, argazkiz zein bideoz, horren berri emateko. Hedabide honek azaldu bezala, bozketa bidez aukeratu zen kudeaketa batzordeko presidentea.
Aurreikusita zegoen bezala, eta kontuan hartuta —2019ko udal-hauteskundeetako Usansoloko botoetan oinarrituta— Usansolo Herriak (UH) zortzi kide dituela kudeaketa batzordean eta EAJk hiru, Juan Agustin Aizpuru aukeratu zuten gehiengo osoz presidente. Horrela ba, Aizpuruk Galdakaoko Udalean UHko zinegotzi izateari utzi zion bere dimisioa maiatzeko Ohiko Osoko Bilkuran aurkeztuta.
Kudeaketa batzorde hau gidatzea izango da bere ardura, nolabait esateko, alkate ofiziala etorri bitartean honen lanak egingo dituena. Hala hartu dute behintzat herrian.
Bere izendapenaren ostean hauek izan ziren bere lehenengo berba publikoak: