Talde antolatu bateko kideak omen dira Usansolon atxilotutako lau lapurrak
TESTUA: Jon Gomez Garai
ARGAZKIA: Mehaniq
Usansoloko etxebizitza bateko lapurretaren inguruko datu gehiago eman ditu Euskadiko Udaltzaingoaren prentsa zerbitzuak. Honen arabera, Galdakaoko udaltzainek lapurreta egin ostean atxilotu zituzten lau pertsonak «talde antolatu bateko kideak izan daitezke». Poliziak gaur emandako datu gehiago batu ditugu ondoko albistean.
Binkek eguaztenean aurreratu zuen bezala, Usansoloko bizilagun batek polizia deitu zuen martitzen goizean, eguerdiko ordu bata eta erdiak aldera, bere auzokide baten etxebizitzan lapurretan sartu zirelakoan. Lapurreta baieztatu zion Galdakaoko Udaltzaingoak hedabide honi, udaltzainek atxilotu baitzituzten lau lapurrak eta ertzainek etxebizitza miatu zutelako.
Dirua eta objektu batzuk lapurtu zituzten Usansoloko etxebizitzatik, aipatutako prentsa zerbitzuaren arabera. Gainera, ertzainek jakin ahal izan zuten «etxeetan egindako lapurretekin erlazionatutako polizia-aurrekariak zituztela, eta era horretako delituetan espezializatutako talde antolatu bateko kideak izan zitezkeela, beraz».
Atzemandako lau lapurrak 24, 26, 38 eta 40 urteko gizonak dira eta Ertzaintzaren egoitzara eraman zituzten dagozkion polizia-izapideak egitera. Horiek amaitu ondoren, «atzo, eguaztena, arratsaldean jarri zituzten agintari judizialaren eskuetan», Euskadiko Udaltzaingoak adierazi duenaren arabera.