Herritarrek gaitasun digitalak hobetzeko lau tailer praktiko antolatu ditu Galdakaok

Argazkia: Robert Kneschke.

Galdakaoko Udalak herritarrek gaitasun digitalak hobetzeko lau tailer praktiko antolatuko ditu, bihartik aurrera. Auzotik Galdakao egitasmoko 1. eremuan sortutako eskaerari erantzuten diote ikastaroek.

Herritarrei eguneroko kudeaketan autonomia handiagoa emateko eta administrazioarekiko harremanak errazteko helburuz, gaitasun digitalak hobetzeko lau tailer praktiko antolatuko ditu Galdakaoko Udalak.

Prestakuntza eskaintzak Jugu, Aperribai, Olabarrieta eta Txistulanda auzoak hartzen dituen lehen eremuko herritarrek eta gizarte eragileek Auzotik Galdakao egitasmoaren barne egindako eskaerari erantzuten dio. Izan ere, auzoetako bizi kalitatea hobetzeko prozesu horretan, arlo digitalean formakuntza jasotzeko eta administrazioarekin harreman telematikoak izateko laguntza behar zela antzeman zen.

Bihar hasita, azaroak 17, bi orduko lau saio eskainiko dira, arratsaldez, Olabarrietako adinekoen zentroan. Horietan, egunerokoan erabilgarriak diren edukiak landuko dira.

Besteak beste, identifikazio digitala eta ziurtagiri elektronikoak zer diren azalduko da; horiek eskatu, instalatu eta konfiguratzeko jarraibideak emango dira; dokumentuak elektronikoki sinatzeko modua eta ohiko arazoak konpontzeko bideak landuko dira; eta Galdakaoko Udalaren egoitza elektronikoa, jakinarazpenak, espedienteen kontsulta eta herritarren eskura dauden plataforma digitalak erabiltzen irakatsiko da.

Tailerretan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da, udal parte hartzerako atarian eskuragarri dagoen formularioa betez. Zailtasunak dituztenek 688830479 telefonora deitu edo WhatsApp edo Telegram bitartez mezu bat bidal dezakete.

Tailerrak adin guztietako herritarrei zuzenduta daude, eta ez da beharrezkoa lau moduluetan parte hartzea, bakoitzak interesatzen zaion saioan edo saioetan eman dezake izena. Hala ere, laugarren modulua egiteko, lehenengoa egin beharko da.

Parte hartzaileek mugikorra edo ordenagailu pertsonala eraman beharko dute, eta, ikastaroak amaitu ondoren, laguntza pertsonalizatua jasotzeko aukera izango dute.

Tailerrak Olabarrietako adinekoen zentroan egingo dira, 18:45etik 20:45era, egun hauetan:

  • 1. modulua, identifikazio digitala eta ziurtagiri elektronikoak elektronikoak: azaroaren 17an, martitzena
  • 2. modulua, ziurtagiriak eskuratzea eta konfiguratzea: azaroaren 24an, martitzena
  • 3. modulua, erabilera praktikoa eta ohiko arazoak: abenduaren 9an, eguaztena
  • 4. modulua, Galdakaoko Udalarekiko harreman elektronikoa: abenduaren 16an, eguaztena

situs togel

situs toto