Hainbat lekutatik etorritako 50 lagun batu zituen Jon Gordilloren memorialak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Jon Gordillo Memorialaren antolakuntza
Jon Gordillo petanka jokalari zenaren memorialaren bigarren edizioa antolatu zuten pasa den zapatuan, uztailak 1. Galdakaoko skate parkean izan zen eta 50 pertsona inguru batu ziren hitzorduan, haien artean Gordilloren familia.
Une oso bereziak utzi zituen Frantziako Tourraren lehen etapak pasa den zapatuan Galdakaon, baina baita Jon Gordillo petanka jokalari zenaren omenezko memorialaren bigarren edizioak. Skate parkean antolatu zen eta 50 pertsona inguru batu ziren.
Parte-hartzaileek 9:00etatik 16:00etara jokatu zuten txapelketa karrusel kategorian eta Pielagos klubeko Francisco Perez izan zen irabazlea.
Jokalariak hainbat lekutatik etorri ziren Galdakaora, besteak beste, Errioxa, Kantabria edo Kataluniatik.
Petanka lehiaketaren ondoren sari banaketa egin zuten Gordilloren senideek eta momentu «oso bereziak» bizi ziren, antolatzaileen esanetan. Arduradunek eskerrak eman dizkiote Udalari, «beste urte batez eskainitako laguntzarengatik».