Argizai Eskaut Taldeak ‘Koskorrak’ adar berria jarri du martxan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Argizai Eskaut Taldea
Argizai Eskaut Talde galdakoztarrak proiektu berri batekin hasi du ikasturtea: ‘Koskorrak’ adarra. Zortzi eta hamar urte arteko umeei zuzenduta dago eta helburua «abentura baten bitartez garatzen hastea da».
Aurten berrogei urte bete dira Argizai Eskaut Taldea jaio zenetik eta bere bidean jarraitzen dute galdakoztarrek. «Talde gazte eta konprometitua», boluntario gisa egiten dute lanean, jarduerak programatzen, planifikatzen eta garatzen.
Hezkuntza Egitasmoan oinarritutako jarduerak egiten dituzte, haien lehentasuna «haur eta gazte guztiak ingurune seguru batean bizitzea» dela. «Haiek hainbat mailatan garatzea nahi dugu, hala nola, maila sozialean, psikologikoan, intelektualean, emozionalean eta espiritualean», azaldu zioten taldetik Binkeri urteurrenaren jaiaren harira.
Hainbat talde dituzte martxan, adinaren arabera, eta ikasturte honetan berri bat abiatuko dute: ‘Koskorrak’. Zortzi eta hamar urte bitarteko haurrei zuzenduta dago, «adin honetan hasten baitira neska-mutilak talde natural handi eta txikiaren bizitzan».
Koskorren adarrean, «neska-mutilak abentura baten bidez garatzen hasten dira taldeko sentimendua hobeto ulertzeko eta ikasteko». «Esparru sinboliko baten barruan jolasa funtsezko jarduera da, behaketarekin eta adierazpenarekin batera», adierazi dute Argizai Eskaut Taldetik.
Adar berri honetan edo besteetan izena eman nahi dutenek taldearen webgunean egin dezakete.