Bihar itxiko dute behin betiko Elorritxuetako adingabeen zentroa
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ELA eta LAB sindikatuak
Bihar itxiko dute behin betiko Elorritxuetako adingabeen zentroa eta 19 langile kaleratuko dituztela salatu dute ELA eta LAB sindikatuek. Langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean «gizarte hezitzaileen lana eta aldundiak kudeatzen duen zerbitzua bera duintzea premiazkoa» dela aldarrikatzeko.
Elorritxuetako adingabeen zentroko erabiltzaile zein langileen egoera «kaskarra» zela salatu eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko eskatu zuen LAB sindikatuak uztailean. Irailaren 12tik aurrera ordea greba mugagabea hasi zuten langileek zentroa itxi eta kaleratzeak egongo zirela salatzeko, Binkek jaso zuen moduan.
LAB eta ELA sindikatuek jakinarazi dutenez, bihar, irailak 30, itxiko dute behin betiko Elorritxuetako adingabeen zentroa eta 19 langile kaleratuko dituzte.
Galdakaoko zentroko langileek elkarretaratzea egin dute gaur goizean, itxieraren bezperan, Bizkaiko Foru Jauregiaren aurrean, «instituzio horrek Landalan-Emankor enpresa esleipendunarekin batera afera honetan izan duen ardura azpimarratzeko asmoz».
«Gizarte hezitzaileen lana eta aldundiak kudeatzen duen zerbitzua bera duintzea premiazkoa dela» nabarmendu dute.