Bagabiz Euskara Elkarteak barikuan euskararen aldeko argazki masiboa egitera deitu du
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Gorka Estrada
Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa deitu du Bilbon azaroaren 4rako, ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean. Honekin bat egiteko argazki masiboa antolatuko du Bagabiz Euskara Elkarteak Galdakaon barikuan, urriak 27.
Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ezeztatu egin du Euskal Autonomia Erkidegoko udal legeak udalei euskara hutsean jardutea, izan ere, uste du «era bidegabean» urratzen duela horrek «oreka linguistikoa». Epaiaren arabera, ezin da onartu «gaztelania erabili ahal izateko argudiatu behar izatea norbaitek euskaraz ez dakiela».
Honen kontra agertu ziren euskal instituzio eta eragile asko eta Bilbon batu ziren uztailean, BINKEk jaso zuen moduan. Azaroaren 4an berriz batuko dira Bilbon, izan ere, Euskalgintzaren Kontseiluak manifestazioa deitu du egun horretarako ‘Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat’ lelopean.
Galdakoztarrek hitzordu honekin bat egiteko deia egin du ere Bagabiz Euskara Elkarteak eta horretarako argazki masiboa egingo dute barikuan, urriak 27.
Hitzordua Santi Brouard enparantzan izango 19:00etan eta parte hartzera deitu dute Bagabizek eta herriko eragileek.