Hasi dira Urreta kiroldegia eraberritu eta handitzeko bigarren fasearen lanak
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Urreta kiroldegia eraberritu eta handitzeko helburuz, obrak egiten ari da Udala eta hauen bigarren fasea hasi da gaur. Lanek 12 eta 18 hilabete bitartean irautea aurreikusi dute eta erabiltzaileengan eragina izan dezakete.
Galdakaoko Udala Urreta kiroldegia eraberritzen eta handitzen hasi zuen udan eta lanak faseka egiten ari dira, «erabiltzaileengan ahalik eta eragin txikiena izateko». Lehenengo fasean igerilekuetako aldagela guztiak eta kantxako gehienak berritu dituzte, eta bi aldagela irisgarri berri eta komun irisgarri bat sortu dituzte.
Bigarren fasea ordea gaur, abenduak 2, hasiko da eta 12 eta 18 hilabete bitartean iraungo du. Denbora horretan, sotoaren zatia zimendatuko da, eta, ondoren, bi solairu eraikiko dira solarium gisa ezagutzen den eta orain hutsik dagoen kuboan. Horrela, kiroldegiak 1.000 metro karratu gehiago izango ditu, eta horietan bi espazio garden eta gimnasio berria jarriko dira.
Lan hori egiteko, garabi finko bat jarri beharko da aparkalekuan. Horretarako aparkalekuaren zati txiki bat hartu beharko da garabia instalatzeko —10 bat plaza, gutxi gorabehera—. Horrek ez dio aparkalekuko bideari eragingo, baina, obren bilakaeraren arabera, «baliteke okupatutako espazioa handitu behar izatea». Udalak lanen garapenaren eta horiek sor ditzaketen kalteen berri emango du udal komunikabideen bitartez.
Bestalde, padel eta squash pistak eta sotoko ataria itxita egongo dira obrek irauten duten bitartean, eta espazio horiek zerbitzutik kanpo geratuko dira. Erabilera anitzeko aretoak eta kardiokoak aldiz, herritarrei irekita jarraituko dute, baina zarataren eragina jasango dute. Hori dela eta, goizean aerobik aretoan ematen diren ikastaroak kantxan emango dira.
Gainerako instalazioak, hala nola rokodromoa, igerilekua eta kantxa, normaltasunez erabiltzen jarraitu ahal izango dira.