ESASek ‘Transition Resonances’ kontzertua eskainiko du Torrezabalen
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: ESAS-en sareetatik
Gabonak ospatzeko egitarau anitza antolatu du Galdakaoko Udalak eta honen baitan Ane Legarretak sortutako ESAS ekimenak ‘Transition Resonances’ kontzertua eskainiko du. Saioa Torrezabal Kultur Etxean izango da eta sarrerak eskuragai daude.
Ospakizun egun hauetan musikak ere bere lekua izango du Galdakaon. Gabonak ospatzeko Galdakaoko Udalak prestatu duen egitarau zabalaren baitan, Ane Legarreta galdakoztarrak beste hainbat emakume artistarekin batera sortutako ESAS ekimena arituko da Torrezabal Kultur Etxean.
Emakume taldeak ‘Transition Resonances’ izeneko saioa eskainiko du: «Musika klasikoak eta garaikideak bat egiten duten ingurune batean, soinuaren mugak desafiatzen ditugu, gaur egungo munduko sonoritateak islatuz musika barreiatzen duen istorio bat idatziz».
Azaldu dutenez, «ahizpatasunaren oihartzuna entzutea da helburuetariko bat, aniztasuna eta horiek bultzatzen dituen elkarrekiko babesa ospatuz».
Sarrerak eskuragai daude ohiko webgunean 6 eta 12 euro arteko prezioan.