Asfaltatze lanak egingo ditu Galdakaoko Udalak udalerriko lau eremutan
TESTUA: Irati Alonso García
ARGAZKIA: Galdakaoko Udala
Galdakaoko Udalak 2025erako aurreikusitako asfaltatze lanak hasi ditu, udalerriko lau eremutan hobekuntzak egiteko. Tximelarre inguruan obrak amaitzear dira eta ondoren Elexalde-Uraburun, Juan Bautista Uriarten eta Txomin Egileorren ere egingo dituzte lanak.
Galdakaoko Udalak udalerriko 15.000 metro karratu asfaltatuko ditu hurrengo hilabeteetan. Lau eremutan egingo ditu lanak eta honezkero Tximelarre ingurukoak amaitzear dira. Tximelarre eta Tximelarre Bidea kaleetako igoera eta jaitsiera tarteetan 3.150 m² inguru hobetu dira.
Ondoren, Uraburuko landa eremutik hasita, lanek Elexalde kaleko 34 zenbakitik aurrera jarraituko dute, Elexalde Bidean zehar. Oraingoz ez da asfaltatzerik egingo hilerriaren inguruan, laster saneamendu lanak egitea aurreikusten baita, ezta aparkalekuan eta elizaren ondoan ere.
Obra hauek hiru aste inguru irautea aurreikusi du Udalak eta trafikoari puntualki eragingo diotela adierazi du. «Nolanahi ere, une oro errei bat egongo da irekita, bi norabideetarako erabiliko dena, jarraibideen arabera. Landa eremuan zirkulazioaren noranzko bakarra dago eta errepidea 2 egunez itxita egotea aurreikusten da», azaldu dute Udaletik.
Txomin Egileor kalea hobetzeko asfaltatze lanak laster ere hasiko dira. Kale horretan, zorua berritzeaz gain, aurretik zeuden bi zebrabideei beste hiru zebrabide gehituko zaizkie. Guztietan espaloia eta errepidea lerrokatuta egongo dira irisgarritasuna hobetzeko, eta, besteak beste, gurpil-aulkiak edo haurren aulkiak errazago pasatzeko. Lan hauek egiteko trafikoa erabat moztuko da kale osoan, garajeetarako sarbidea barne, urtarrilaren 28tik 31ra. Gune horretan ezin izango da aparkatu.
Azkenik, otsailaren amaiera aldera, Juan Bautista Uriarte kaleko 68 zenbakiaren eta Zabalea kalearen arteko bidegurutzearen arteko zatia asfaltatzeko lanak egingo dira eta kale horretatik elizaraino igotzen den zatia ere konponduko da.
Lan horiek bi aste inguru iraungo dute, eta «jarduera konplexuagoa da, trafiko gehiago dagoen eremua baita». Beraz, zirkulazioan ahalik eta eragin gutxien izateko, obrak 09:30etik 19:00ak ingurura arte izango dira. Ordu horien artean autobusak eta udal zerbitzuetarako ibilgailuak bakarrik pasatu ahal izango dira.