Bizkaiko alderdi guztien ahozko babesa jaso du Usansoloren segregazioak
Politika
BINKE / 2021eko uztaila
Bizkaiko alderdi guztien ahozko babesa jaso du Usansoloren segregazioak
TESTUA ETA ARGAZKIA: Jon Gomez Garai
Usansoloren segregazio prozesuak Bizkaiko Batzar Nagusietarako jauzia egin berritan, UH-ko hiru kide erakunde honetako Herritarren Batzordean izan dira gaur, «prozesuaren barri emon eta euren babesa jasotzeko». «Oso pozik» irten dira bileratik, alderdi guztien babesa jaso baitute.
Galdakaoko Udalean Usansoloren segregazio prozesuaren memoria eta baldintzak adosteko osatu zen Batzorde Mistoak bere lana bete zuen uztailaren 15ean, eta argi berdea eman zion Udaletik Bizkaiko Batzar Nagusietarako pausoa emateari. Bizkaiko Batzar Nagusiek erabaki beharko dute orain, Batzorde Mistoak egindako memoria txosten hori eskutan, Usansoloren segregazioa onartzen duten ala ez.
Horren aurretik, ordea, Usansolo Herriako kideek aukera izan dute gaur, uztailak 30, Batzar Nagusietako Herritarren Batzordean herriaren berri eman eta segregazioaren aldeko argudioak emateko, alderdien babesa jaso ahal izateko Batzar Nagusietara joan aurretik. Hogei minutu pasatxoko aurkezpena egin dute lehenengo Monika Menak, Agustin Aizpuruk eta Jabi Aurre UH-ko kideek Bizkaiko erakundean ordezkatutako alderdi guztien aurrean. Ostean, alderdi bakoitzak bere galderak edo iritziak mahai gaineratu ditu eta 45 minutuko bileraren ostean irten dira hiru usansolotarrak Hurtado Amezaga kaleko eraikinaren atarira, bertaratutako hedabideei bilera horretako balorazioa egitera.
Erakundearen atarian eskainitako prentsaurrekoan azaldu du Menak «oso pozik» irten direla bileratik, «30 urte baino gehiagoko prozesua azaldu eta alderdiei babesa eskatzera etorri garalako». Eskatu eta jaso egin dute babes hori, UHko kideek azaldu duten bezala: «Alderdi guztien babesa jaso dogu, ahoz, eta orain Batzar Nagusietan Usansoloren segregazioa bozkatzen danean euren baiezkoa espero dogu».
Orain arte Usansoloren segregazioaren aurkako edo zalantzazko jarrera izan dutenek ere adierazi diete gaur Mena, Aizpuru eta Aurreri euren aldeko iritzia, EAJ-k, PSE-EE-k eta PP-k barne. Azken honek, «herritarren borondatea errespetatu behar dala esan deusku», adierazi dio UH-ren bozeramaileak Binkeri.
Prozesu osoa «legealdi honetan amaitzea» espero du Usansolo Herriak. Hiru hilabete dituzte orain Bizkaiko Batzar Nagusietan aurkeztutako memoria aztertu eta onartzeko. Bien bitartean, Galdakaoko Udalak publiko egingo du Batzorde Mistoak onartutako memoria, alegazioak jaso ahal izateko. Alegaziorik balego, berriro Aldundira igaroko da gaia eta behin Aldundiak oniritzia emanda, Galdakaoko udalbatzak onartuko du behin betiko Usansolo Bizkaiko 113. udalerria ahal izatea, galdeketa lotesle batean usansolotarrek hala erabakitzen badute.
Gaur Monika Menak Bizkaiko Batzar Nagusien eraikinetik irteterakoan esandakoak ikus-entzun gura badituzu, ondoko bideoan batu du Binkek Menaren adierazpena bere horretan: