Sei iritzi «ez-jaietako» alderik ilunenaz
Tabernak itxi osteko liskarrak
BINKE / 2021eko iraila
Sei iritzi «ez-jaietako» alderik ilunenaz
TESTUA: Beñat Armentia Arriandiaga
ARGAZKIA: Aitzol Zamalloa
Aurten jai-giroa izan da nagusi Santakurtzei legozkien asteburuetan. Tabernak itxi eta Gipuzkoa kalean zegoen jende pilaketa ekidin nahian, bertan bilduta zeuden gazteen aurka kargatu zuen Ertzaintzak, eta mota guztietako iritziak batu ditugu hemen.
Ohikoak bihurtu dira udan zehar albistegien lerro-buruetan gaueko ordu txikietan gazte jendeak jai-giroa tarteko egindako pilaketak, eta honen erantzun gisara ondotik etorri diren poliziaren kargak. Galdakao ez da salbuespena izan. Irailaren 10eko gauean, tabernetako ateak ixtekoak zirenean, Gipuzkoa kalean bildu zen jende pilaketa sakabanatzeko asmoz, lehenik Udaltzaingoak abisua eman eta ondoren ertzainek bertan bilduta zegoen jendearen aurka kargatu zuten.
Irudi beretsuak errepikatuko ziren biharamunean ere bai. Osotara, atxilotu bakarra izan zen liskarretan. Tentsio uneak, borrak, erretako pare bat zabor-ontzi, aurkako norabidean zein espaloitik abiadura handiz ari ziren polizia-furgoiak edota hauei jaurtitako kristal-ontziekin izan zuen amaiera lehen asteburuak.
Lehen erreakzioak. Liskarren harira, larunbat goizean etorri ziren lehen adierazpenak eragile politikoen aldetik. EAJ eta EGI izan ziren honetan lehenak. Jeltzaleek modu bateratuan prentsa oharra kaleratu, eta bertan, hasteko, gauez zehar lanean aritu ziren poliziei haien erabateko babesa adierazi zieten.
Era berean, egun oposizioan diharduen alderdiak herritarrei erantzukizunez jokatzea eskatu zien, hala, «denon artean ahal den neurrian pandemia kontrolpean eduki ahal izateko». Ez hori bakarrik; Udalari, «beharrezko prebentzio-neurriak» abian jartzeko ere eskatu zuten plazaratutako idatzian, «hurrengo egunetan gauean zehar izandako gertakariak errepikatu ez zitezen».
Hain justu Udala izan zen bigarrena prentsa oharra kaleratzen. Honek herritarrei «arduraz, prudentziaz eta erantzukizunez jokatzea» eskatzen zien bertan. Orobat gauean zehar izandako istiluak «gertakari isolatua izango den esperantzarekin» ulertu, eta halakorik errepikatu ez zedin «nork bere ahalegina egin zezan» eskatu zien alde guztiei.
Prentsa ohar berean nabarmendu zuten errespetuaren eta elkarbizitzaren aldeko aldarria, baita pandemiaren eragina erabat gainditu artean elkar zaintza eta babesa areagotzeko deia ere.
Gazteei hitza emanez. Kontuak hala, bistakoak izan dira herriko kale zein paretetan gertatutako istiluen harira zenbait eragile politikok emandako erantzunak. Pankartak, pintadak zein lemak, Binke haiengana jo eta gertatutakoaren aurrean haien iritzia zein den eskatu die.
Ernairi gertakarien inguruan itaundu eta hauek argi adierazi dute lehenbizi asteburuan zehar ertzainek izan zuten jarrera oldarkorra izan zela. Ezker Abertzaleko parte diren gazteen ustez, «Ertzaintzak lan egiteko duen modu bakarra beldurraren eta indarraren erabilera neurrigabearekin» dela diote, «gazteria bera kriminalizatuz».
Neurrigabeak direla uste dute ertzainek erabilitako kargak, foam piloten tiroak edo furgoiekin kalean zeuden gazteak zapaltzeko itxurakeriak, «ertzainen esku-hartzea beti tabernak itxi ondoren etortzen baita, beraiek onartezina den egoera bera arratsaldeko 18:00etan ere badagoenean», azaltzen dute, eta gaineratu: «Ekonomia mugitzen den bitartean da onargarria egoera, ez ordea guztia itxita dagoenean».
Are, gazte antolakundeak «hipokritatzat» jotzen du Ertzaintzaren jarrera: «Ulergaitza da ostiral gauean aldamenean izan duzun hori larunbat gauean borrarekin zu jotzea». Honen guztiaren aurrean antolatzeko eta borrokatzeko premian berresten direla adierazi dio Ernaik Binkeri.
Bestetik, Hego Uribeko GKSk —Gazte Koordinadora Sozialistak— «birusa goizaldeko 01:00etik aurrera agertzen den fenomeno bat» dirudiela dio. Egunotan izandako kolpatu, jazartu eta atxilotuei elkartasuna adieraztearekin batera, talde politikoaren iritziz «bermatua dagoen aisialdi bakarra kapital metaketari funtzionala zaiona da; hortik kanpo, tabernetan aritzeko diru nahikorik ez duen gaztea jazartua izan daitekeen subjektu bilakatuz».
GKSk uste du «ordena burgesa mantentzeko klase kapitalistak badituela hainbat baliabide, eta agintari profesional zein masa komunikabideez gain» haien artean kokatzen du polizia. Azken hauek, gainera «insubordinazioaren aurrean sumisioa ezarri dutela» diote, «etorkizuneko langileria, hots, gazteria disziplinatzea beharrezkoa zaielako». Gainera, «medioek gizartea gezurrez bonbardatu dutela» dio GKSk, eta bestetik, «politikariek klase gizartea bermatzea xede poliziaren presentzia handitu, langileria kriminalizatu eta proletalgoaren aurkako salbuespen neurriak onartu dituztela» nabarmentzen du. Hala, «basakeria honen aurrean, gizarte totalitario honen aurka antolatzera» dei egiten du GKSk.
Ertzain baten ahotan. Hainbat izan dira jasotako testigantzak eta, aurreko guztiekin batera, Binkek gauetako batean lanean aritu zen ertzain batekin hitz egiteko aukera izan du. Bere izena aipatu ez arren, O.R.Z. dira deituren lehen letrak.
Berarekin izandako tarte laburrean, zera adierazi du ertzain galdakoztarrak: «Hurrengo batean kargak modu bortitzago batean egiten utzi ezean, agian pailazoaren sudurrarekin irten beharko gara». «Askok ertzainen kargak poli eta kakoen jolasa izango bailiran ulertu dute» dio poliziak, eta «okerrenak guri botilak jaurti, kristalak hautsi edota zabor-ontziak erre dituzten horiek» izan direla seinalatu du. •