«Guk festa, animaliek jai», Andrea Arrizabalaga

Andrea Arrizabalaga Lorenzo
BINKE / 2025eko iraila

Behin txalotu zenuenak gaur negar eragin diezazuke. Gauza askorekin gertatu zait hori, tartean, animaliak erabiltzen dituzten ikuskizunekin. Galdakoztar bezala, txikitatik ezagutu ditut asto lasterketak. Ezagunak ziren, baita maitatuak ere, Santa Kurtzetan. Ikusi nituen lehen aldian, bost urteko neskato baten begietatik egin nuen eta mina besterik ez nuen ikusi. Kolpeak, oihuak, ostikadak… eta astoen izu-begirada, malkoz beteriko begiekin, nireak bezala.  Denborarekin, neskato horren begiek biolentzia hori normalizatu egin zuten, ez gustatzen zitzaiolako, baizik eta gizartearen parte izateko ordaindu behar zen salneurria zelako. 

Jaiotzen garenean enpatiaz beteta daukagu bihotza, baina gizarteak pixkanaka kendu egiten digu. Mundura minik ez egiteko kodearekin diseinatuta gatozen arren egungo sistemak deskodifikatzen gaitu. Eta horrela, asto lasterketak, asto edo idi-probak, sokamuturra, entzierroak eta zezenketak dibertitzeko era legala edota txalotzekoa bihurtzen dira. 

Gaur Iruñeako udalak egin berri duen inkestaren lerro-buruekin esnatu naiz. Irratia piztu eta iruindarren %80k entzierroak babesten dituztela entzun dut. Zezenketak, ordea, %52k; babesa estuagoa eta beherantz doana gainera. Gizarteak, oro har, entzierroak ondo ikusten ditu; zezenketen kasuan pertzepzio hori ez da orokorra. Entzierroetan zezenek ez dutela sufritzen, ez direla hiltzen  esan ohi da. Hori erdizkako egia da. Zezenak ez dituzte entzierroetan hiltzen, baina goizeko entzierroko zezenak arratsaldeko korridan erailtzen dituztenak dira. Beraz, bai, entzierroak eta zezenketak elkar lotuta daude. 

Agian pentsatzen ari zara San Ferminetako zezenketak kentzen badituztela, entzierroko zezenak jada ez direla hilko, baina argudio hori hankamotza da beste zezenketa batean kenduko dietelako bizitza. Azkenean,  hiltzeko hazten duten animalia batez baliatzen ari gara eta horri konplizitatea deitzen zaio. Nik argi daukat zezenek entzierroetan asko sufritzen dutela: hasierako kohetea, jendetza, oihuak, kolpeak, leku ezezaguna… Zer sentituko genuke guk horrelako egoera batean? Izua, mina, sufrimendua; astoek asto probetan bezala, galgoek lasterketetan bezala… Animaliak ez dira gu dibertitzeko erreminta bat, ez daude planeta honetan gure aisia edota gula betetzeko. Ez daude hemen guretzat, gurekin baino. 

Animaliak jaietako programetan egotea gizakiak horiek ustiatzeko dituen beste modu bat besterik ez da. Baina ez da bakarra. Animaliak gure jaietatik ateratzea gure plateretatik ateratzeko lehenengo urrats bezala ikusten dut. Merezi duten errespetua irabazten hasi dira eta denbora kontua izango delakoan nago. Espero dut bere lehen asto lasterketa negar malkoekin ikusi zuen sei urteko neskato horrek, zahartu eta orain beganoa dena, aldaketa hori ikusi ahal izatea.