Galdakaoko Udalak herritarren parte-hartzea eta komunitate ekintza sustatzeko dirulaguntzen bigarren deialdia jarri ditu martxan. Apirilaren 28ra bitarte egin daiteke eskaera.
Herritarren parte hartzea eta ekintza komunitarioa indartzeko dirulaguntzen deialdia jarri du martxan Galdakaoko Udalak, bigarren urtez jarraian, eta eskaerak aurkezteko epea apirilaren 28ra arte egongo da zabalik.
Ekimenaren helburua «parte hartze ekosistema sendo, egonkor eta konektatua sendotzea de, ongizate kolektiboan eta herriko gizarte kohesioan eragina izango duena».
Deialdiak bi finantzaketa lerro bereizten ditu: bata elkarte sarea mantendu eta indartzera bideratua, eta bestea komunitatearen intereseko proiektuak sustatzera zuzendua. 2026ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egindako gastuak dira diruz lagunduko direnak, eta onuradunek behar bezala justifikatu beharko dituzte egindako gastuak.
Lehenengo lerroaren bidez 5.000 euro bideratuko dira herritarren eta komunitatearen parte hartzearen arloan lan egiten duten Galdakaoko elkarteen funtzionamendua mantendu eta indartzeko. Ohiko gastuak lagunduko dira horren bidez, hala nola alokairuak, hornidurak eta garbiketa; baita prestakuntza, komunikazio eta boluntarioen erakartze ekintzak eta barne antolaketa hobetzeko prozesuak ere. Langileen gastuengatik ere eskatu ahal izango dira laguntzak, betiere emandako dirulaguntzaren %20 gainditu gabe.
Bigarren lerroak, berriz, 7.000 euroko gehieneko aurrekontua du eta ekimen zehatzak babestera bideratuta dago. Proiektu bakoitzeko gehienez 2.500 euroko dirulaguntza emango da. Gizarte berrikuntzako proiektuak, herritarrei irekitako prestakuntza jarduerak, erakundeen arteko elkarlanean garatutako proposamenak, gazteak elkartegintzan parte hartzera bultzatzen dituzten ekimenak eta gizarte kohesioa eta auzokideen arteko topaketa sustatzen dituzten proiektuak finantzatuko dira, besteak beste.
Azken urteotan Gobernu taldeak sustatu bezala, laguntzak norgehiagoka erregimenean emango dira. Beste dirulaguntza batzuekin bateragarriak izango dira, finantzaketa osoak ez badu diruz lagundutako programaren kostua gainditzen.
Dirulaguntza eskatzeko epea apirilaren 28an amaituko da, eta eskaerak egoitza elektronikoaren bidez aurkeztu beharko dira, ildo bakoitzerako berariaz sortutako izapidea erabiliz. Edozein zalantza argitu edo laguntza eskatzeko 688 830 479 telefono zenbakiaren bidez jar dateke harremanetan. Halaber, partaidetza@galdakao.eus helbide elektronikora ere idatz daiteke.




